Larrabetzuko memoria historikoa hizpide duten hiru proiektu artistiko eman dituzte ezagutzera
1936ko Gerra Zibila eta gerra ondorengo diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dute xedetzat ekimenek, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzea erronkatzat hartuta
Unai Sarriugarte
Martes, 14 de febrero 2023, 22:43
Larrabetzuko memoria historikoa hizpide duten hiru proiektu artistiko eman dituzte ezagutzera. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak Larrabetzuko Udalarekin elkarlanean atondutako egitasmoa dugu hauxe. 1936ko Gerra Zibila eta gerra ondorengo diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dute xedetzat ekimenek, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzea erronkatzat hartuta, berauei aitortza justu eta egiazkoa egiteko ahaleginean.
Hautatutako lanetako bat 'Zirrikitua' izenekoa izan da, Eriz Moreno bilbotarrak eta Amaia Molinet lodosarrak landu dutena. Artistek bertan zeharkako ikuspegi historiko batean oinarritutako proiektu artistikoa ematen diete aditzera ikusleei, Larrabetzun Gerra Zibilak utzitako aztarnak ezagutzera emanez.
Obra honetan gatazka hau ez da soilik gertakari historiko sorta gisa ulertzen, analisiak zonaldeko ikuspegia eta baita egileen ikuspegi pertsonala ere hartzen duelarik aintzat. Zehatzago esanda, protagonisten ikuspegia, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho igarotzen joan den memoria, Morenoren eta Molineten ikuspegiarekin ere uztartzen da. Proiektuaren emaitza argitalpen bat da, bisita gidatu batekin osatu daitekeena, hain zuzen ere.
Liben Svaarten 'Hona Hemen orain ez dagoena', aldiz, oroimen historikoaren aztarnak ikertzen dituen sormen artistikoa da, erakusketa forma aurkeztuko dena otsailean barrena. Liben Svaart leioarrak erakusketa honen bitartez bere azterlanari amaiera emango dio, prozesuan sortu diren artelanak ezagutzera emanez. Bere sormenen artean 31 minutuko soinu pieza bat dugu. Soinu pieza horri etengabe errepikatzen den animazio batek laguntzen dio, batera jarrita memoriak daukan lausotasuna nabarmentzen duelarik.
Azkenik, 'Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena' Ane Seijasen eta Julen Sainz de Rozasen sormena dugu. Testu klasiko baten irakurketaren bitartez, ekoizpen honek Gerra Zibileko lurraldeari buruzko gogoeta egin nahi du. Bertolt Brechtek 1930ean idatzitako 'Der Jasager und der Neisager' (Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena) idazlana baliatu dute hausnarketa honetarako. Testu klasiko hauxe Lucio Uriartek euskaratu du. Obra honek hasiera berdina aurkezten du, baina amaiera desberdina duten bi zatiz osatzen da. Gerra Zibileko Larrabetzurekin erlazionatzen da hauxe, bidearen lehen zatia Bizkargi mendian gertatzen delarik eta, bigarrena, Gaztelumendin.