Borrar
Urteak igaro direla erakusten duen begia. Fotolia

Lagun zaharrak

Larunbata, 26 urtarrila 2019, 23:15

Egiten duzu topo kalean aspaldiko lagun batekin eta bat-batean ezagutzen duzu edo bera da zu ezagutzen zaituena. Agian zuk edo berak segundo batzuk behar dituzu urteek lagunaren aurpegian egindako lana desegiteko, indusketa lana behar duzu ilearen kolorea aldatzeko edo lehen leuna zen azalera heltzeko. Edo ahotsa entzun arte ez zara jabetzen.

Merkatuan zaude, astebururako erosketak egiten eta norbaitek zure izena ahoskatzen du, ez nortasun agiriaren txartelak dioen moduan, baizik eta nerabezaroan lagunartean erabilitako moldeaz, txikigarri eta guzti. Burua jiratu eta ez dakizu nor ari zaizun deika, nor den gizon hori edo zahartzaroaren atarian dagoen emakumea.

Noski, zu ez zara zinen hura, ez duzu bizitza alferrik galdu, baina apenas dakizu zertan jardun duen azken hamarralditan modu horretan agurtzen zaituenak. Gehienera jota ere bizpahiru aldiz izan duzu haren berri, ezkondu zela, apaiz izateari utzi ziola. Joan den mendera egin behar duzu salto, karpeta zaharrak miatu behar ditu zure burmuinak, hondoratutako oroitzapenak azaleratu behar dituzu.

Gerta daiteke ere biok, hark eta zuk, bat-batean ezagutzea elkar, zimurrak zimur, kiloak kilo. Baina orduan ere gutxienez bi aukera daude, topaketa horrek zapore gozoa du ala mikatza. Agian oroitzapenarekin batera sasoi bateko maitasuna datorkizu gogora edo sekula garbitu gabeko etsaigoa.

Zer nahi den, itxurari erreparatuko diozue biok lehenik, nola zaudeten jantziak, zer nolako orrazkera daramazuen. Seguruenik biok pentsatuko duzue besteak zuk baino zaharrago dirudiela eta hori izango da gertatutakoa kontatzerakoan aipatuko duzun lehen xehetasuna. Apenas zuen ilerik kaskoan edo haren amaren antza duelako ezagutu dut azkenean.

Guretzat bakarrik du bizitzak jarraitutasuna, etenik ez duen haria. Kanpotik ikusita saltoak dira ez pausoak, adin bakoitza amildegi bat balitz bezala.

Aspaldiko, zer moduz? Joango gara kafe bat hartzera? Eskumuinak emazteari.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Lagun zaharrak

Lagun zaharrak