'Kolorez jantzitako egunak' abestia ekoitzi du Josu Bergara kantautore bizkaitarrak
Akorde Txikiak bandarekin elkarlanean egindako egitasmoa da hori
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 22 apirila 2020, 20:21
'Kolorez jantzitako egunak' abestia ekoitzi du Josu Bergara kantautore bizkaitarrak, etxean eta gitarraren laguntzaz soilik. Akorde Txikiak bandarekin elkarlanean egindako egitasmoa da. Hala, sare sozialen bitartez eman du ezagutzera proiektua Eako abeslariak.
Kanta bere hiru urteko alabarekin sortu du Bergarak. Era berean, Akorde Txikiak bandako zenbait kidek hartu dute parte bertan, hala nola, Nerea Alberdik, Mikel Nuñezek, Irati Bilbaok, Txema Aranak, Dani Gonzalezek, Luï Youngek, David Sánchezek eta Jabier Bergarak, besteak beste. Bakoitzak bere etxetik grabatutako bideo zatiak uztartu ditu Bergarak bere YouTubeko kanalean zintzilikatu duen ikus-entzunezkoan ikus daitekeenez. Bideoaren edizioaz Jabier Bergara arduratu da, eta audioaren edizioaz, berriz, David Sanchez.
Bergararen abesti berriak bizitzaren alde ilunak ere koloreztatu daitezkela nabarmentzen du. Hortaz, indar ikaragarriaz betetako mezu positiboa helarazi nahi die herritarrei. Izan ere, bere esanetan: «une txarretan ere gure onena ematen ikasi behar dugu».
Josu Bergara kantautore bizkaitarra zortzi urterekin hasi zen musika ikasten Bilboko Kontserbatorioan. Biolontxeloa eta beste ikasketa batzuk burutu ondoren, 18 urterekin gitarra lehen aldiz hartu eta kanta ezberdinak sortzen hasi zen.
Harrezkero, bost disko kaleratu ditu: 'Karramarroen Hiria' (2006), 'Nora Zoaz' (2009), 'Katiuska Gorriak' (2012), 'Kanta Txikien Indarra' (2015) eta 'Asunak' (2018), azken hirurak Taupaka Elkartea sortzaileen zigilupean.
Euskal Herrian kontzertuak eskaintzeaz gain, bakarka zein beste musikari askoren laguntzarekin Espainiar Estatuko nahiz nazioarteko hainbat agertokitan ibili izan da oholtza gainean: Bartzelonan, Madrilen, Valentzian edota Londresen, esaterako.
Bergararen abestien gehiengoak freskoak eta argiak dira, bizipoza eta gai alaiak transmititzen dituztenak. Ibilbide luzeko musikariak melodiak eta erritmo ezberdinak landu izan ditu, beti ere hunkigarrituasuna bilatuz, baina, sinpletasuna alde batera utzi gabe, abesti sinple bezain ederrak konposatzen. Bere ahotsaren xarma eta gitarra jotzeko duen trebezia nabarmentzekoak dira nolabait.