Kaepernick, mariskal menderaezina
Harmailatik ·
Colin Kaepernick eragin handiko kirolaria da Estatu Batuetan nahiz eta talderik ez izanXXI. mende naif honetan, Colin Kaepernick kirolaria Malcom X edo Martin Luther King bezalako pertsona famatua bilakatzeko bidean da. Nike markak bere irudiarekin egin dituen iragarkiak direla medio, nola ez! Egia esan, Oregon-eko kirol arropa fabrikatzailearen filosofia ederki dator bat quarterback kaliforniarrarekin.
Bai, Colin Kaepernick futbol amerikarreko jokalaria da. Edota jokalari ohia. Edo... Talderik ez duen jokalaria da, hobeto esanda. Eta talderik izango ez duena, ziurrenik. Duela hiru denboraldi, ereserkia eta banderari (stars and striples famatuari) ohore egiteari uko egin zion partida hasieretan eta Donald Trump-ek «putakume» bat zela adierazi eta gero, langabezian geratu zen.
Hori da gutxi gora behera gertatu zena. Milwaukeen jaiota baina Kalifornian hazitako gizon petoak protesta egin izan nahi zuen Estatu Batuetan poliziek zigorgabe gauzatzen dituzten abusuen aurka. Deigarri izan nahian, himnoa jotzen zuten unean, Kaepernick belauniko jarri zen. Ohitura zutik egotea da.
Segidan, milaka pertsonek egindakoa laudatu zuten. Arranguratzea bere eskubide konstituzionala zela, esan zuen Barack Obamak, adibidez. Azkenena, norbaitek hitz egiten zuen (isilik bazen ere) ahotsik ez dutenengatik. Beste askok, aldera, errespetu falta bat zela, irainduta sentitzen zirela eta Kaepernicken portaera guztiz onar ezina zela argudiatu zuten. Horien artean, nola ez, Donald Trump presidentea. Gainera, handiki newyorktarra, lagun dituen NFL-ko handikiei deitu egin zien, jokalaria kanporatu zezaten. Esan eta egin. Kaepernick exijitu zioten damutasuna erakutsi ez zuenez... kalera.
Egun, ligan 126 miloi dolar irabazi dituen kirolaria (2011. urtetik San Frantzisko 49ers-eko jokalaria izan da) Nikeko irudi ospetsuenetarikoa da. Lanetik bota zuten unean, haren alde apustu egitea erabaki zuen markak. Eta Nike, NLF-ko babesle printzipala da. Talde guztien ekipamenduek swoosh ikurra daramate bularrean. Ezkututik oso gertu. Hortxe, bai. Enpresaburuek diru zorroa gordetzen duten lekuan.
Epaiaren zain
Beharbada guzti honek ez du inolako erromantizismorik eta diru kontu arrunta besterik ez da. Izan ere, Kaepernick-ek, 2012ko Superbowlera Frantziskotarrak herrestatu zituen heroiak, liga salatu du auzitegian eta epaiaren zain daude orain. Jokalariak boikota egin diotela argudiatzen du.
Baiteke egia izatea. Ziurrenek. Sekulako jokalaria da Kaepernick. Pase luzeak eman edota baloia eskuetan duela korrika ateratzeko gai da. Jokalari ezberdina, dudarik gabe.
Kontua da izar estatusa noiz ez duela eduki. Superbowla eta gero, frankizia krisian sartu zen. Colin-en erruz? Ezin esan. Ezin ukatu. Bidali zutenean txarrera jo zuten. 2016, 2017 eta 2018 denboraldietan lehiaketako azkenak izanda. Aurten, aldiz, sailkapenaren hasieran doaz eta Superbowlera bueltatzeko faborito ikusten dute askok. Partida bakarra galdu dute 12 jardunaldietan.
Orduan zergatik hitz egiten dugu gazte honi buruz? 32 urterekin ez litzaioke denbora gehiegi elitean geratu behar. Baina amerikar futbol bortitzean, ikustekoak, mariskal edo quarterback moduan jokatzen dutenek luze irauteko aukera dute. Tom Bradyk, hain zuzen, 42 urterekin munduko onena izaten jarraitzen du hamaika zaleen esanetan. Eta Kaepernickek bueltatzeko gura du.
Kontratu baten truke, auzitegiko erronka bertan behera utziko zuela badirudi. Epaia sahiesteko, NFLk froga bat antolatu zuen berarentzat. Ligako 32 frankiziek izan behar zuten han. Fisiko ona duela erakutsita, norbaitek lana eskainiko zion. Teoria hori zeukan. Egia beste bat izan da. Erronka berri bat. Jokalaria froga egitera gonbidatu zuten zelaian prentsa ordezkariek debekatuta zuten sarrera. Gaizki haritzeko amarrua zelakoan, kaliforniarrak handik gertu dagoen ikastetxe batera mugitu zuen azterketa. Jende guztiari zabalik. Protestak ere egon ziren kaleetan. Alde eta kontrakoak pankartekin hurbildu ziren.
Izan ere, momentu honetan, Kaepernick mariskal menderaezina hiru urte erraldoien aurka lehian eta zutik sinbolo bat bihurtu da. Beltzentzat. Behartzuentzat. Zuzentasun-gose eta egarria dutenentzat. Dena, Emmy bat lortu zuen iragarki bikain honen erruz. Trump ahohandiari esker. Mendeurren naif honetan, Kaepernick pobreak defendatzen aberasten hari da. Nike, Asiako nerabe txiroak eskulan bezala erabiltzen duen enpresak, justiziaren hizpide bezala.