https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Joxe Mari Gorrotxategi euskal gozogilea hil da

Rafa Gorrotxategi eta bere aita, Jose Mari Gorrotxategi, 2013ko Txokolatearen egunean./DV
Rafa Gorrotxategi eta bere aita, Jose Mari Gorrotxategi, 2013ko Txokolatearen egunean. / DV

Basque Culinary Centerrek 2015. urtean Ohorezko Gozogile izendatu zuen

UNAI SARRIUGARTE

Joxe Mari Gorrotxategi okin eta gozogile tolosarra pasa den asteartean zendu zen 90 urte zituelarik. Gozogintzan ibilbide oparoa izandakoa da. Izan ere, gozogile izateaz gaindi, ikertzaile eta sortzailea ere bazen Joxe Mari.

14 urterekin eman zituen familiar ogibide honetan lehen urratsak eta gozogintzan dihardu zuen bere bizitza osoan. Tolosako Plaza Zaharrean izan zuen gozotegia Gorrotxategik. Dendaren aldamenean, berriz, gozogintza hizpide zuen museo bat ere zabaldu izan zuen. Bertan gastronomia honen historia etnografiko bat eskaintzen zen, Paleolitikotik hasi eta gaur egunera bitartean.

'Museo Gorrotxategi de la Confitería' deiturikoak Gorrotxategiren familiak euren ogibiderako erabilitako 400 lanabes, erreminta eta dokumentu uztartzen ditu. Era berean, tolosarrak 'Euskal Gozogintzaren historia' liburuxka plazaratu izan zuen.

Joxe Mari Gorrotxategik bizitza osoa eman zuen gozogintzaren alde. Aspaldi hasitako tradizio familiarrarekin bere semeek, Rafak eta Iñakik, jarraitu egin dute. Gorrotxategik egun ospetsu diren gozo bat baino gehiago sortu izan ditu, 'Xaxu' deiturikoa esaterako. Tolosar gozo tipikoa mazapana eta gorringoa uztartzen dituen postrea da.

Gorrotxategik bere ibilbidean sari bat baino gehiago irabazi izan zuen. 2015. urtean Basque Culinary Centerrek Ohorezko Gozogile izendatu zuen elkartearen areto nagusian ospatu zen ekitaldi batean. Pedro Subijana gipuzkoar sukaldaria, Jose Mari Aizeaga Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta hainbat sukaldari euskaldunek egin zioten omenaldi hau, gozogintzaren alorrera bizitza oso bat eman izanagatik.