Sonia Rueda, erakusketa batean.
Territorios

Sonia Rueda, hitzaren eta irudiaren artean

Barakaldoko artistaren Mundakako erakusketan oso present dago jokoa, hitzen esanahi ezkutuen eta irudien gardentasunaren arteko jolas bizia

Viernes, 5 de septiembre 2025, 23:22

Sonia Ruedak sentsibilitatez eta joko kontzeptualez beteriko erakusketa sentikorra zabaldu du Mundakan, uda-giroa edertasunez blaituz.

Publicidad

Nostalgia eta eskuzabaltasuna

Iazko udako artikuluan arte erakusketa bat hartu nuen mintzagai, Jose Angel Lasak Bermeon aurkeztu zuena. Frantziskotarren klaustroa bete zuen bere lanaren biografia handia eta potentziaz jasoa eginez. Aurton Guggenheim Museoko Erakusketen zuzendaria den Dani Vegak (Nere Gojenolaren laguntzaz) hiru erakustea berezi, sentikor aurkeztu ditu Mundakako Kasinoan. Abigail Lazkozek eman zion hasiera artisten erronda honi ekainean, uztailean Jorge Rubiok hartu zion tokia eta abuztuan hirugarrena zabaldu da Sonia Ruedaren eskutik.

Honelako ekimenek badute nostalgia kutsua azpian. Aspaldian desagertu ziren herrietan Aste Kulturalak, gure gizarteaz oso informazio gutxi zegoenean euskal kultura zabaltzeko egin ziren ahalegin erromantiko horiek. Gaurkoek, ordea, eskuzabaltasunarekin loturiko sustrai berezia erakusten dute. Uda luzea da, bateren batek Mundaka gisako herrietan badu kulturarekin loturiko ogibide bat eta udan jakituria horren ogi papurtxoa jartzen du plazan herritarren mesedetan, kategoria oneko ekimen profesionalak bultzatuz. Horrela nostalgia desagertu egin da eta ekimen duinek hartu dute haren tokia.

Sonia Ruedaren erakusketa hitzez eta irudiz

Artistak 2022an 'Hitz politak' deituriko liburua eman zuen argitara. Liburu horretan euskararen hitzekin jolas egiten du egileak, hitzen barnean diren esanahiak asmatuz eta amestuz, irudiaz lagunduz. Esango nuke Mundakako Kasinoan zabaldu duen erakusketak baduela sorkuntza joko horrekin lotura, iturburua balitz bezala hitzen eta irudien arteko munduak bultzatu du erakusketa. Liburuaren laburpena balitz bezala zabaldu da gure begien aurrean. Izenburutik hasita. 'Burubero (Zutik)' deitu du artistak eta hitzaren zentzu biak hartu: zoro gisa dabilena eta idealismoz ari dena.

Artistak jakin du hiru espazio marrazten: iragan mindua, trantsizioa eta etorkizuna

Esango nuke erakusketa espazioaren ulermenetik hasi dela. Mundakako Kasinoko dantza-toki zabal hori ez da erraz betetzen, ez du erraztasunik eskaintzen. Eta Sonia Ruedak jakin du hiru espazio marrazten, hiru txoko aukeratzen eta txukuntzen. Hiru toki, hiru gai, hiru sentipen: iragan mindua, trantsizioa eta etorkizuna.

Publicidad

Gai bakoitza eratuz, txoko bakoitzak lau artelan ditu: artistaren metro biko auto-erretratu erraldoia eta hiru irudimen txiki (27 x 35) inpresio digitalez eginak. Gaiak, beraz, lau esparru hartu ditu: Norberaren irudia eta hiru sentsazio norberaren irudiaren osagai gisa. Hiru irudi horietan ageri da Sonia Ruedaren lirikotasunaren finezia. Iragan minduaren munduan bada lora bat (urre lilia), bada keinu bat (ebakiondoa), bada irudi bat (ezustea). Horrela jokatzen du beste gai bietan ere. Iraganaren eta etorkizunaren arteko tartea irudikatuz, ipurtargia dago, kukuaren kantua eta bizitzako materia. Etorkizuna laguntzen dute margaritak, eskujokariak eta aireak. Guztiaren buruan, jainkosa beltza balitz bezala, 'Buruberoa', denen erregina.

Erakusketa Hiru zenbakiaren sinbologiaren inguruan osatuta dago, eta neurri horretan kontzeptuak toki handia du Sonia Ruedaren mundu ikuskeran. Baina horren azpian, hitzekin egindako jolasek eta irudien sotiltasunak lirikotasun bermea eman diote irudien munduen eraketari.

Publicidad

Kontzeptua sinboloen munduarekin ezkondurik ageri da, eta era berean, bere lanean, oso present dago jokoa, hitzen esanahi ezkutuen eta irudien gardentasunaren arteko jolas bizia. Lirika eta bizitza mundu osoaren gainetik Sonia Ruedaren espresio munduan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad