Adobestock
Territorios

Artea gizarteratzeko bideak

Viernes, 10 de octubre 2025, 23:52

Larunbatero EL CORREOko harpidedun guztientzako idazten duen artikuluan lehengo batean César Cocak, kulturan adituak, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzak ekartzen dituen abantailak aipatu zituen. Bata eta besteak, lankidetzan arituz gero, gizartearentzako abantailak besterik ez datozela aipatu zuen.

Publicidad

Artisten estudioak zabalik

Berriki Alemaniara egin dudan bidaia batean lankidetza horren emaitzak ikusi ditut eta txundituta etorri naiz han arte mundua gizartean zabaltzeko egiten diren ekimenekin. Artikulu honetan ageri diren artisten izenak ez dira gure artean ezagunak, baina artistei buruz baino gehiago ekimenei buruz hitz egin nahi nuke eta horiek gure gizarterako eredu gisa jarri.

Lehena hiri anglosaxoietan 'Open Studio' gisa ezagutzen den ekimena da. Alemaniako Renania-Palatinatuan artea zabaltzeko iraileko asteburu bitan (20-21ean eta 27-28an) ospatzen den ekimenari 'Offenen Ateliers' deitzen zaio. Egun horietan eta arratsaldeko bietatik seietara artistek (eta 150 artistek hartu dute parte) beren estudioetako ateak zabalik dituzte bisitarien zain. Han dira, maiz sendikoek lagundurik, bisitariari beren artearen nondik norakoak azaltzeko prest. Era guztietako artistak daude zerrendan, ezagunak eta bizitzan artean gora egin dutenak, zein hasi berriak eta ez hain ezagunak, bai marrazkigileak, eskultoreak, pintura lantzen dutenak, figuratiboak, abstrakzio zaleak…

Nire joan etorrietan hiru estudio ikusi nituen. Speyer hirian Regina Reim-en estudiora hurbildu nintzen. Collageak egiten ditu, informalak, minimalismoz eta sentsibilitatez beteak. Ortografia zaileko Germersheim herrian eta armadakoa izandako kaserna batean, Karl-Heinz Deutschek bere galeria du. Arkitektura fakultate batan katedraduna izandakoa da eskultorea, eta bere estudioak museo kutsua du. Lanean jarraitzen du Karl-Heinz Deutschek eta bere obrek gure Txillida eta Oteizaren kutsua dute. Xarmangarriena Anne-Marie Sprenger-en estudioa egin zitzaidan. Lustad herri txikian egiten du bere lana eta ilusioz beterik hartu ginduen, nahiz eta bisitari bakarrak izan. Eliza baterako egindako 'Amodioa eta heriotza' lanak hunkitu ninduen bere gorri beltzekin. Lan harrigarria espresioz betea. Zoritxarrez, eliza hori harrotu, eta pieza itzuli egin zioten.

Lanean jarraitzen du Karl-Heinz Deutschek eta bere obrek gure Txillida eta Oteizaren kutsua dute

Eskulturen baratzak

Nire bidaian artea erakusteko ikusi nuen bigarren ekimena 'Eskulturen baratza' deiturikoa da. Erakunde publikoek artistak gonbidatzen dituzte, edo bestela dei zabala egiten dute, eta haien eskulturak baratz batean jartzen dituzte epe baterako, demagun sei hilabeterako. Baden Baden hiri ezagunera hurbildu nintzen halakoa ikusteko. Baina arreta handia sortu zidan Frantziako mugatik hurbil dagoen Schweigen-Rechtenbach herrian (1350 biztanle) ikusi nuenak. Baratzaren inguruan, eta zirkulu bat osatuz, hainbat eskultura desberdin jarri dituzte bisitariaren atsegin estetikoaren mesedetan. Euria ari zuen hara hurbiltzerakoan eta nostalgiaren begiradan lan artistiko desberdinen oihartzunak lagundu ninduen. Martin Lorenz-en eskultura pean geratu nintzen. Naturaren formak ekartzen ditu, lantzen ditu, artearen eta naturaren artean dagoen zubiaren ertzak hurbildu nahi balitu bezala.

Publicidad

Zaindua dago tokia, eta zaindua aurkezpena. Ondoko kutxa batzuetan artelanen postalak aurkitu ditzakegu eta Udalak kontzertuak eratzen ditu bertan, eta nahiz eta herri txikia izan, baratzak urtean 30.000 bisitari baino gehiago izan ditu.

Txundituta itzuli naiz, guk horrelakoak gurean zergatik ez ditugun egiten pentsatuz eta gertatu daitezen norekin hitz egin behar nukeen ezin asmatuz. Aipaturiko artistak ezezagunak ditugu, baina haiek erakutsitako kemenak zer pentsa ematen du erakunde publikoen eta pribatuen arteko loturetan Artea gizarteratzeko bidean. Ai 'Estudio irekiak' eta 'Eskultura baratzak' gurean balira herri txikietan, bestela kantatuko luke hezkuntzaren kukuak!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad