Joan Mari Torrealdai hil da, euskal kulturaren erreferente
77 urterekin agur esan digun euskaltzale sutsuak euskal kulturaren historia sozialean oinarritutako lan ugari argitaratu zituen
Joan Mari Torrealdai Nabea (1942-2020) euskal idazle, euskaltzain, kazetari eta soziologoak agur esan digu ostiral honetan minbiziaren ondorioz. Frantziskotarra izandakoa, euskaltzale sutsu honek denetarik egin du euskal kulturan. Teologiako ikasketak egin ondoren, Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Parisen, eta 1985ean Informazio Zientzietan Euskal Herriko Unibertsitatean, non euskaraz egindako lehen tesina aurkeztu zuen, 'ETB eta euskararen arazoa' izenburukoa. Urte batzuk beranduago, Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean zentsura frankistari buruz aritu eta gero, eta urteetan murgildu izan da euskalgintzan eta kulturgintzan.
Torrealdaik euskal kulturaren historia sozialean oinarritutako lan ugari argitaratu zituen, besteak beste, 'Euskal idazleak gaur' (1977), 'XX. mendeko euskal liburuen katalogoa' (1993), 'Euskal kultura gaur' (1997), 'El libro negro del euskera' (1998)... eta sari asko ere irabazi egin zituen, azkena, 2015ean, Manuel Lekuona saria, euskara eta euskal kultura zabaltzen egindako lana eskertzeko ematen dena.
1990ean, Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, Administrazio Kontseiluko kide eta kontseilu editorialeko buru izan zen, eta 2000n Administrazio Kontseiluko lehendakari bihurtu zen. Hiru urte beranduago, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren prozesuan, Guardia Zibilak atxilotu eta espetxean sartu zuen, Administrazio Kontseiluko beste kideekin batera (Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Iñaki Uriarekin), orduko Espainiako Gobernuak abiatu zuen prozesua egunkaria ETArekin harremanetan egotea leporatuta.
Azkenean, Auzitegi Nazionalak Torrealdai, Otamendi, Uria, Auzmendi eta Oleaga errugabe zirela onartu zuen 2010ean, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta talde terroristarekiko lotura ukatuz. Absolbitu egin zituzten.
Euskaltzain urgazle
Nahiz eta batzuentzat bere izena momentu hartan egin zen ezagun, irakurleak jakin behar du 1958an hasi zela Torrealdai euskaraz idazten. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975ean, euskaltzain oso 2007an, eta euskaltzain oso emeritu 2017an. 2011n Jose Antonio Arana euskaltzaina hil zenetik, bibliotekari akademikoa izan zen.
Jakin aldizkariaren eta Anaitasuna hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat; Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea; Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria; Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria, eta, 2015etik 2017ra, PuntuEUS Fundazioko lehendakaria ere izan zen Torrealdai, gaur agur esan diguna.