Borrar
Joyeleko padura.
Egin kontu

Joyel

Nahikoa da begiak txiki-txiki egitea inguruak duen handitasuna bereizteko

Irati Goikoetxea

Larunbata, 12 abuztua 2023, 20:26

Comenta

Joyeleko paduran eman diogu astebeteko oporraldiari hasiera, Kantabrian, Noja eta Isla artean. Nahikoa da begiak txiki-txiki egitea inguruak duen handitasuna bereizteko. Gaziak eta gezak bat egiten duten espazio berezi eta ikusgarria da padura. Biomasaren produkzioak nabarmen egiten du gora bertan. Askotariko komunitateak sortzen dira aldeko baldintzei esker. Itsasoaren birikak ere ba omen dira padurak. Arnasa hartu dugu. Arnasa egin dugu. Arnasa eman dugu.

Ur geza gazian zilipurdikatzen den tokian, ur gaziak gezatan murgil egiten duen tokian, zerbait berezia gertatzen da. Elkarri gain hartu eta elkar azpiratu gabe, bi natur gune oso ezberdinek, elkarrekin, ekosistema berri eta indartsua sortzen dute.

Gerta zitekeen bateko eta besteko fauna eta landaretzak elkarri bizkar ematea, nork bereari tira egitea tartean zulo beltz erraldoi bat sortuz. Gerta zitekeen, elkarri itsu, elkarren ondoan nork bereari eustea tartean muga arrasto herdoildu bat sortuz. Gerta zitekeen elkarri bultzaka indarrak neurtzea tartean sarraskiak sortuz. Halakorik ez, eta naturak asmatzen du nork beretik onena erdiguneratu eta, nor izateari utzi gabe, elkar aberastuz, sortzen.

«Badakit nora iritsi nahi duzun, Irati», esango du bakarren batek, «baina, ez egin tranparik, ez da hain erraza». Zer da gizakiok animalia eta landareetatik ezberdintzen gaituena? Hain zuzen ere horregatik, errazagoa behar luke. Hain zuzen ere horregatik. Nahikoa da, bai, begiak txiki-txiki egitea inguruak duen handitasuna bereizteko. Txiki-txiki-txikiagotzeak bere arriskuak ere baditu, ordea.

Eta bai, elkarbizitzaz hitz egin nahi nizuen, baina, batez ere, aitzakia bat topatu nahi nuen ni ere opor garai honetan etxetik atera naizela kontatzeko. Inork joan garela jakin ezean, oporrak ez baitira opor. Inork joan garela ez jakitea ez joatearen pareko baita. Eta joateak gozorik badu, besteek joan garela jakiteak du, besteak jakinaren gainean jartzeak. Ba, hori. Oso oso oso urrutira ez, baina ni ere joan naizela. Irudika nazakezue ur gazi eta ur gez, Joyeleko paduran, dioptriak zuzentzeko betaurrekoak erantzita, argazki makinari begira, begiak txiki-txiki, inguruko handitasuna bereizi nahian. Hor behar du. Hor behar du, bai, elkarbizitzak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Joyel

Joyel