Imanol Pradales, Baionan: «'Linguae Vasconum Primitiae' liburua bere etxean dago»
1545ean argitaratutako Bernat Etxepareren euskaraz inprimatutako lehen liburua ikusgai dago Baionako Euskal Museoan
Imanol Pradales lehendakaria Baionako Euskal Museoan izan da ostegun honetan, Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' liburuaren ale bakarra jasotzen duen erakusketan. Euskaraz inprimatutako lehen liburua da, 1545ean Bordelen argitaratutakoa, eta, orain, 480 urte geroago, Baionako Euskal Museoan ikusgai izango da, 2026ko urtarrilera arte. Frantziako Liburutegi Nazionalarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan lortu da erakusketa aurrera eramatea.
Publicidad
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearekin eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera, lehendakariak aurten ehun urte bete dituen museoa bisitatu du. Horrez gain, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena ere bada, eta, beraz, Euskal literaturaren mugarritzat jotzen den lan hau jasotzen duen behin-behineko erakusketa hau testuinguru horretan kokatzen da.
Hitzorduan Pradalesek nabarmendu duenaren arabera, «'Linguae Vasconum Primitiae' bere etxean dago. Gure Herrian dago. Eta, albiste honek harrotasunez betetzen gaitu». Ildo horretan, euskararen erabilera biziberritzeko beste jauzi bat egin behar dela azpimarratu du.
Hari beretik tiraka, lehendakariak Parisera egingo duen bidaia iragarri du. «Etorkizunera begiratu behar dugu. Euskarak, 480 urte geroago, jauzi berriak ematen jarraitu behar duelako. Horregatik, hilaren amaieran, ni neu Parisera joango naiz, Frantziako Liburutegi Nazionalaren egoitzara. Zertarako? Etxepare Institutuak 15. urteurren honetan duen helburuan pausu berri bat emateko: euskara eta euskal kultura frankofoniaren eremuan zabaltzen jarraitzeko. Aliatu berriak bilatzeko», esan du.
Amaitzeko, lehendakariak liburuaren eta egilearen balioa azpimarratu du, eta gogora ekarri du Etxepareren ondarea bizi-bizirik dagoela oraindik. «Etxeparek 'Euskara, jalgi hadi mundura' esaldia utzi zuen idatzita, eta bidea zehazterakoan bete betean asmatu zuen. Gaur, guri dagokigu, euskara biziberritzeko prozesuan, datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definitzea. Gaur, guri dagokigu erronka berriei erantzun gaurkotuak eta egokiak ematea».
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión