Ikerbasquek Maria Isabel Arriortua, Aitziber Lopez-Cortajarena eta Maia Garcia Vegniory ikertzaileak aitortu ditu
Hiru aditu hauek Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioaren aintzatespenak jaso zituzten astelehenean
El Correo
Asteazkena, 8 maiatza 2019, 12:17
Ikerbasquek emakume ikertzaileak aitortzeko antolatutako ekitaldiaren lehenengo edizioa ospatu du aurten, eta sarituak Euskadin diharduten Maria Isabel Arriortua, Aitziber Lopez-Cortajarena eta Maia Garcia Vegniory ikertzaileak izan dira. Hiru aditu hauek Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioaren aintzatespenak jaso zituzten astelehenean, Bilbon egindako ekitaldian. Sariak karrera zientifikoko fase desberdinetan dauden hiru emakume aitortu ditu horrela: ibilbide zientifikoa, ikerketa esparru batean izandako lidergoa eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena.
Maria Isabel Arriortuarentzat izan da ikerketa karrera osoaren aitorpena. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da 1992tik, eta bertan prestaturiko lehenengo emakume irakasle titularra izan zen, bai eta EHUn katedra lortu zuten lehen emakumeetako bat ere. IMaCris/MaKrisI ikerketa taldea sortu zuen eta aitzindaria izan da ingurumen nahiz energiaren esparruan aplika daitezkeen sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean Euskadiko Ikerketa Saria jaso zuen, Zientzia eta Teknologia modalitatean, eta 2012an, Jakiunde Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademiako kide oso izendatu zuten.
Aitziber Lopez-Cortajarena proteinen ingeniaritzaren arloan lortutako lidergoagatik aitortu dute. EHUn Biokimikan doktoratu ondoren, zazpi urte egin zituen AEBetako Yale Unibertsitatean, proteinen diseinu, egitura eta funtzioei buruzko zereginetan. 2011an Europara itzultzea erabaki eta ikerketa taldea sortu zuen Madrilgo IMDEA-Nanozientzian, nanoegitura biofuntzionalen sorkuntzarako proteinak diseinatzeko asmoz. 2016an, Ikerbasque Research Professor bezala sartu zen CIC biomaGUNE zentroan Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzeko, eta ERC-Consolidator Grant deritzon ikerketa arloko laguntza garrantzitsua jaso du.
Azkenik, Maia Garcia Vergniory material topologikoen esparruan egin duen ekarpen nabarmenagatik aitortu dute. Materia kondentsatuaren fisikan doktoratu zen EHUn. Ondoren, Max Planck Institute of Microstructure Physics zentroan lan egin eta doktorego ondoko egonaldia egin zuen AEBetako Lawrence Berkeley National Laboratory zentroan. Egun, DIPCeri atxikitako Ikerbasqueko Ikertzaile gisa lantzen ari da material topologikoei buruzko ikerketa jarduna. 2017an L'Oreal-Unesco for Women in Science saria jaso zuen, eta 2018an QUO 2018 zientzia selekzioko kide izan zen.
Genero estereotipoak
Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko 300 emakume ikertzaileren baino gehiagoren ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, eta Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotu.
Emakundek proposatutako metodologiari jarraiki, Ikerbasquek gizon eta emakumeen arteko berdintasun plana garatu zuen 2018an. Prozesuaren emaitza gisa, eta berdintasuneranzko bidean aurrera egiteko asmoz, zazpi ekintza proposatu ziren, horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena.
Neurri hauen bitartez, Ikerbasquek goitik behera gainditu nahi ditu emakume ikertzaile asko karrera zientifikoei uko egitera bultzatu eta beste hainbat kasutan gizonen aldean ezkutuan utzi ohi dituzten genero estereotipoak. Ondorioz, emakume ikertzaile distiratsuen karrerak bistaratu eta zientziari egindako ekarpena aitortzea da ekintza honen helburu nagusia, ondorengo belaunaldien eredu bihur daitezen.
Gaurko ekitaldiaren buru izan da Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ordezkariak ere izan dira bertan.