https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ibilaldia 'Haratzago' doa Lekeition ospatuko duen jaialdiarekin

Jende asko, duela urte batzuk Mungian ospatutako Ibilaldian./Fernando Gómez
Jende asko, duela urte batzuk Mungian ospatutako Ibilaldian. / Fernando Gómez

Bizkaiko ikastolen jaialdiaren 40. edizioa igandean ospatuko da

UNAI SARRIUGARTE

Ibilaldiaren 40. edizioa ospatuko da igandean Lekeition. 'Haratzago' lelopean, Bizkaiko ikastolen jaialdiak aurten ere euskara eta euskal ikaskuntzaren alde egingo du. Hori dela bide, egitarau anitza prestatu dute egun horretarako: kontzertuak, jokoak, ikuskizunak, tailerrak, kirola, dantza, ipuinak, etab.

Aurtengo Ibilaldiaren etekin ekonomikoak Lekeitioko Azkue Ikastolara bideratuta joango dira. Jaialdiaren bidez jasotako diru-laguntza ekonomikoak ikastola honen hezkuntza proiektua ezagutzera emateko eta ikastolaren erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzeko erabiliko dituzte.

Hala adierazi zuten astelehenean, jaialdiaren aurkezpenean, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, Josune Bañales Ibilaldia Erakundearen zuzendaria, Ainara Ikaran Azkue Ikastolaren zuzendaria eta Jose de la Torre aurtengo Ibilaldiaren dinamizatzailea.

Aipatu dugunez, aurtengo Ibilaldiaren leloa 'Haratzago' izango da. Leloa sortzeko hausnarketa prozesuan hasi zirenean konturatu ziren Azkue Ikastola bere sorreratik beti «haratzago» joan dela. Garai eta testuinguru bakoitza kontutan izanda, beti haratzago.

Ikastola aitzindaria

Lekeitioko Azkue Ikastolak beti izan du euskara bere helburu nagusitzat. Izan ere, etorkizunean herri euskalduna izateko ezinbestekoa ikusten zuten umeak ikastolan hazi eta heztea. Egun, ikastolak euskaldun eleanitzak hezitzen buru belarri dihardu.

Lekeitioko Azkue Ikastola aitzindari izan da hainbat esparrutan; batetik, euskara irakasten zuen lehenengo ikastola izan zen; bestetik, hezkuntza eleanitza sustatu eta neska eta mutilak gela berberetan nahasten erreferente izan dira; eta, azkenik, beste herri batzuetako ikastetxeekin elkartrukeak egiten zituen lehendabiziko ikastola izan zen.

Bestalde, 2019. urteko Ibilaldian antolatutako ekintzek zenbait balore bultzatzea dute helburu: euskararen sustapena bultzatzea, sexu eta generoarekin lotutako rolak gainditzea, antolatzen diren ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea eta Ikastolen jaialdia prozesu parte hartzaile batean bilakatzea.