Borrar
Bideoaren irudi bat.
Ibilaldiaren abestiaren aurkezpena

Ibilaldiak aurtengo edizioaren abestia aurkeztu du: «Bidea egin nahi dugu euskaldunak izaten!»

Ander Deuna eta Betiko ikastolek batera antolatutako Ibilaldiaren bideoklipa aurkeztu dute ostiral honetan Bilbon. Maiatzaren 30ean ospatuko da Sopelan

Ostirala, 12 martxoa 2021, 13:36

Comenta

Ibilaldiak jada baditu erritmoa eta soinua. Ander Deuna eta Betiko ikastolek batera antolatutako aurtengo edizioaren abestia eta bideoklipa aurkeztu berri dute ostiral honetan Bilbon. Kanta alai baten bitartez ongi etorria eman nahi izan diote maiatzaren 30ean egun handia ospatuko duen aurtengo Ibilaldiari. Bihotza balitz bezala, aurreneko taupadak entzun ahal izan dizkiogu zeharo bustiko gaituen 'Kala-kalata'ren edizioari.

Eskaera argi batekin aurkezten zaigu aurtengoan, abestian hasiera-hasieratik azpimarratzen dena. «Bidea egin nahi dugu euskaldunak izaten», kantatzen dute lau haizetara Sopelako kostaldean, Euskal Herria osoa busti nahi duen olatu indartsu bati forma emanez. Aurtengo edizioaren erdigunea izango den udalerri hau aukeratu dute bideoa grabatzeko, non ikasleen ahotsak protagonistak diren eta gure kulturari keinuak egiten zaizkion.

Argi zuten Sopela 'kala-kalata' behar bezala irudikatzeko toki ezinhobea zela, eta horri heldu diote, izan ere, hondartza bada bideoaren protagonista. Bertan grabatu dira bideokliparen zati gehienak, baita Ander Deuna ikastolan eta beste zenbait kokaleku ezberdinetan ere. Adibidez, Artazako suhiltzaileen parkean, non bideoari hasiera ematen zaion. Ez da aukeraketa hutsala, lotura zuzena du leloarekin, izan ere, mangerarekin ikastolako patioan bustitzen dituzte haurrak, horra hor 'kala-kalata'. Dena ondo lotu dute zintan, atzetik lan handia -eta batez ere ilusio handia- dagoela erakutsiz.

«Iturri zaharreko ura ez dadin eten»

Euskara egunerokoan presente egoteko bide horretan oinak gehitu nahi dituzte, eta horretarako euskaldun gehiagoren laguntza behar dute indartsu aurrera egiteko. «Ez da ez erronka makala gure buruei eskatzen dieguna eta lortu nahi duguna; euskaraz Ibilaldian, euskaraz etxean, euskaraz ikastolan eta euskaraz herrian aritzea», azaltzen dute antolatzaileek. Hau da, lanean jarraitzea «iturri zaharreko ura ez dadin inoiz eten» diote, euskarari erreferentzia eginez.

«Batek baino gehiagok pentsa dezake oraingoa ez dela garairik aproposena Ibilaldia bezalako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko, azken hilabete hauetan bizitzen ari garen pandemiak guztiz baldintza dezakeelako proiektu horiek bideratzea eta gauzatzea, baina, aitzitik, orain inoiz baino beharrezkoago dugu Ibialdiak bere-bereak dituen balore horiek azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea», argudiatu dute aurkezpenean.

Pozik azaldu dira abestiarekin, luzatu nahi zuten mezua ongi azaltzen baita bertan. «Ez da esan behar abestiaren letraren egileak hitz gutxirekin jakin duela lelo horrekin adierazi nahi dena biltzen, hots, bidai honetan, goitik behera eta hezur-mamiraino, busti beharra dagoela», eskertu diote Xabier Payari egindako lanagatik, bera baita Ibilaldiari letra jarri diona. Esker mezua ere Xabi Aburruzagari luzatzen diote, musikaz arduratu dena.

Esan bezala, aurreneko taupadak entzun dizkiogu Ibilaldiari, baita 'ahots' berriak ere. Ander Deuna eta Betiko ikastolako hainbat eta hainbat ikaslek parte hartu dute kantan, baita Itziar Ituño antzezleak edota Aiora Renteriak, beste batzuen artean. Koreografia Aitzol Barbarias, Gorka Granado, Haizea Hormaetxea eta Larraitz Aldazabalen eskuetan egon da.

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots

Aurrerapauso hau -bidea egiten jarraituko du Ibilaldiak maiatzaren 30era arte- Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek ekitaldiari ongi etorria eman ziotenetik hilabete bat bete denean eman da. «Aupa Sopela eta aupa Ibilaldia!» esaldiarekin esan ziguten agur orduan pailazoek. 

Aurtengo leloa gogora ekarri zuten, eta, orduan, 'eztabaida' hasi zen. «Aurtengoan Porrupatata izango da», erratu egiten zen Porrotx. Lagundu beharrean, dena gehiago okertu zuen Marimototsek. «Ezz!! Tortilapatata da».

«Baina ze porrupatata ta ze tortila patata... Aurten Kalakalata da!», argitu zuen Pirritxek. «Kalakalata?», galdetu zioten harrituta. «Bai, euskarak blaitzen gaituelako», hori baita aurtengo leloaren esanahia. «Eta guk Euskadi osoa blaituko dugu», zioten jarraian. Orain, dena buzti arte, dantzan jarri nahi dituzte haur zein helduak, eta erritmoa eman euskararen egun handi horri.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ibilaldiak aurtengo edizioaren abestia aurkeztu du: «Bidea egin nahi dugu euskaldunak izaten!»

Ibilaldiak aurtengo edizioaren abestia aurkeztu du: «Bidea egin nahi dugu euskaldunak izaten!»