https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hogei ikertzaile gazte kontratatzeko deialdia zabaldu du Ikerbasquek

Hogei ikertzaile gazte kontratatzeko deialdia zabaldu du Ikerbasquek
IGOR AIZPURU

Europako Batzordeko 'Research Fellow' programaren bidez, bost urteko ikerketa kontratuak eskainiko dituIkerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak

AMALIA IBARGUTXI

'Research Fellow' programa martxan jarri dute Europako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak, «goi mailako ikertzaile gazteen harrobi bat« sustatzeko. Horren bidez, 20 ikertzaile gazte kontratatuko ditu guztira aurten Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak.

Programa berarekin, 63 lagun kontratatu dituzte aurreko deialdietan, zientzia-fundaziotik jakinarazi dutenez. Funtzio bikoitza du deialdiak. Batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakarri nahi dituzte. Bestetik, Euskadin ikertzen duten profesionalei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaini nahi dizkiete.

Halaber, nabarmendu dute, bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta Euskaditik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatzea dela asmoa. Nolanahi, nazioarteko ikertzaileek aurkez ditzakete eskaerak Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez, martxoaren 15era arte.

Eskaerak aurkezteko, ezagutza arlo guztietan hiru eta hamar urte arteko eskarmentua izatea beharrezkoa da. Aurkeztutako ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona burutuko dutela adierazi dute antolatzaileek, «Europako Batzordearen irizpideen araberakoa».

Bost urterako ikerketa kontratuak eskainiko ditu Ikerbasquek, Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki. Kontratuaren azken urtean ebaluazioa egin eta kontratu iraunkorrak lortzeko aukera izango dute ikertzaileek. «Horrela, programa Euskadiko etorkizuneko ikerketa aitzindarien harrobi bihurtzen da», azaldu dute.

Ikerbasquek zazpi milioi euro lortu zituen 2013an Europako Batzordetik 'Research Fellow' programarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero. Eusko Jaurlaritzak ere diruz laguntzen du programa, «Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle». Horri esker, Ikerbasque «nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatu» nahi da.