Hilotz musika talde gipuzkoarrak irailean kaleratuko du disko berria, 'Aske'
'Sinisten Dut' bideo-lyrika eman dute ezagutzera album berriaren aurrerapen gisa
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 21 uztaila 2020, 01:43
Hilotz musika talde gipuzkoarrak irailaren 15ean kaleratuko du disko berria, 'Aske'. Hala, 'Sinisten Dut' bideo-lyrika eman dute ezagutzera album berriaren aurrerapen gisa. Bertan hirukotea esparru intimistago batera abiatu da, mamuak aintzat hartuz. Hori dela medio, kantak gizakiaren beldurrei, sekretuei eta porrotei erreparatzen die.
Taldearen egitasmo berriak askatasun egarri hori du hizpide. Hala, disko berriaren grabaketa, nahasketa eta masterizazio lanak, Karrantzako Black Storm estudio ospetsuan jorratu dituzte, Ekaitz Garmendia gitarjole eta ekoizlearekin elkarlanean.
Hilotz musika taldea 2009. urtean sortu zuten Lasarteko lau lagunek. Bandaren lehendabiziko uneetan Mikel Yarza baxuan, Iker Eleicegui baterian eta Adrian Ormaechea eta Aitor Zarzuelo gitarra lanetan ibili ziren. Taldearen lehenengo urteetan talde ezberdinen bertsioak interpretatzen zituzten. Baina, urteek aurrera egin ahala, euren abesti propioak konposatzen hasi ziren.
Ormaecheak taldea utzi zuen eta bera ordezkatzeko Paulo Eizmendi batu zen taldera. Horrela, 2012. urtean laukoteak 'Hil Ala Bizi' izeneko lehen maketa grabatu zuen Legazpiko Subeltza estudioetan. Albumak arrakasta ikaragarria izan zuen Euskal Herrian, baita Espainiar estatu mailan ere.
Kontuak kontu, Eleicegui taldetik atera eta bateriajolearen lekukoa Xabi Juantorenak hartu zuen. Laukote berriak hainbat kontzertu eskaini zituen Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Berriro ere zenbait taldekidek taldea utzi zuten. Zarzuelok (gitarra) eta Juantorenak (bateria) bandatik alde egin zuten eta horien ordez aspaldiko lagun zuten Etxahun Urkizu sartu zen taldean.
2015ean, disko berriaren grabaketan zeudenean Paulok arazo pertsonalen ondorioz taldea utzi, eta, Pablo Cabasések hartu zuen bere testigua, gaur egungo taldea finkatuz: Mikel Yarza (baxua eta ahotsa), Etxahun Urkizu (bateria) eta Pablo Cabasés (gitarra).