Hauek dira Euroligako azken hamarkadako jokalaririk onenak
Harmailatik ·
Hautatutako hamarretatik zortzik antolatzaile gisa lan egiten dute beren taldeetanDiamantidis, Spanoulis eta Printezis greziarrak. De Colo frantziarra. Bogdanovic eta Teodosic serbiarrak. Docic esloveniarra (erdi espainiarra bera). Hynes estatu batuarra. Llul eta Navarro. Hauek dira Euroligaren arabera txapelketan azken hamarkadan jokatu duten hamar jokalaririk onenak. Txarrak ez direla argi dago. Hoberenak? Baliteke bai.
Hiru garaipen (2007, 2009 eta 2011)
Dimitri Diamantidis
Paregabea. Antolatzaile bikaina. Hiru Euroliga irabazi zituen Panathinakosekin. 2011ko denboraldian inork lortu ez duena lortu zuen. Urteko MVPa, finaletakoa, urteko defendatzailerik onena izatea eta, nola ez, txapela. Eta hau da joko honetako egia bakarra. Saskiratzaile asko eta onak daude, baina ez da ohikoa aurkari menderatu bat aurretik zein atzetik aurkitzea. Diamantidis, ezkertia gainean, beti botako dugu faltan. Denetarik eta dena ondo egiten zuen honek.
Bi garaipen (2012 eta 2013)
Vasilis Spanoulis
Diamantidisen itzalean beti, Panathinaikos utzi eta Atenasekoek gehien gorroto duten taldera joan zen. Olympiacos ere Atenaskoa da, baina beste Atenas batekoa. Portuko mutilak dira hauek. El Pireokoak. Eta Larisako genioak han aurkitu zuen bere talentu izugarria erakusteko aukera. Lehian, gudan ere. Spanoulis saskibaloiaren arima da. Horrela bi titulu lortu ditu, finalean bere alde apostu egiterik ez zegoela, atzetik etorrita eta partidari buelta emanda. Beste urte on bat geratzen zaio. Biba!
Bi garaipen (2012 eta 2013)
Giorgios Printezis
Sponoulis Kixotearen Santxo da Printezis. Ikaragarri itsusi jokatzen du -gehien bat saskira jaurtitzerakoan-. Baina, alajaina, beti barrura doa pilota laranja. Mendera ezina den 'lau' honek du erantzunkizun handia Olympiacosen garaipenetan. Bi Euroligako garaile, Spanoulisekin batera, karreraren azken txanparen aurrean dago orain.
Garaipen bat (2017)
Bogdan Bogdanovic
Zorte pittin batekin NBAko eraztuna irabaziko du honek. Sacramenton egonda ez, hori badakigu, baina talentua badu egiten duena beste edozein taldetan hobeto egiteko. Puntuak lortzen ditu etengabe. Jaurtitzeko makina da serbiarra, eta Fenerbahcerekin irabazi zuen Euroliga. Baina denetarik irabazi du talde desberdinetan. Partizanen hezitakoa, Obradovic-en eskutik beste maila batera igo zen eta NBAn badakite zer nolako eskumuturra duen. Bogdanovic, Diamantidis eta Navarro bezala, hamarkadako onenen artean hautatzen duten bigarren aldia da. 2000tik 2010ra bitarteko taldean izan zen eta orain errepikatu egiten du. Zerbaitegatik izango da.
Garaipen bat (2016)
Milos Teodosic
Hain ona da eta dena hain modu errazean egiten du, azkenean berak egindakoa erraza dela ematen duela. Bere nortasuna ere ez du laguntzen, baina berekoia badirudi ere, Europan eta munduan izandako pasatzaile onenetarikoa da. Play maker klasikoa. Izarra. NBAn ondo egiten ari zela -eta diru asko jazotzen ere bai- joatea erabaki zuen joan den urtean Italian jokatzeko. Euroligan berriz ere ikusi nahi dugu.
Garaipen bat (2018)
Luka Doncic
'Wonderboy'. Zer esan mutiko honetaz? Defendatzen ez duela? Bai hori edonork daki. Eta zer? Beste guztia egiten duen mailan eginda, berdin da. Izatez, NBAn jada onenen artean dago, All Stareko izar bat izan baita aurten, eta Dallaseko talde osoak bera jotzen duen soinuaren arabera dantzatzen du. Madrilen, urte bakar batean, Euroliga irabazteko zegoen guztia irabazi eta sari indibidualak ere jaso zituen. Bizitzan behin ikusten den fenomenoa da Luka. Maitatu ala gorroto behar dugu? Hori bakoitzak jakingo du.
Garaipen bat (2019)
Nando de Colo
Puntuak, puntuak eta puntu gehiago. Sekulako jokalari puzka izanda, beharbada hamar hauetatik bigunena. Eta Euroligako MVPa birritan izandakoa da. Frantziarra Valentzian hasi zen eta han hobetu eta gero, Gasteizen Euroliga altxatu zuen iaz CSKArekin. Jenioa da. Azken segundotan gehien bat.
Lau garaipen (2012, 2013, 2016 eta 2019)
Kyle Hines
Txikia, bi metro eskaseko pibota. Azkarra hori bai. Baina ez gehiegi. Argia; bai, hori da gakoa. Kantxan ez da jokalari New Jerseydar hau baino argiagorik. Eta horregatik lau Euroliga ditu. Lau bai, ondo irakurri duzue. Olympiacosen Spanoulisek eta Printezisek lortutako bietan bera han zegoen ere. De Colo iaz Gazteizen lortutakoan ere. Zarata gutxi eta lan asko. Esan dezakegu beti dagoela bere lekuan, beti prest. Defendatzaile izugarria. Kyle zu zara harria eta zurekin eraikiko dugu eliza. Baskoniak fitxatuko balu....
Bi garaipen (2015 eta 2018)
Sergi Llull
Mandarina jaurtitzailea. Superheroia. Nola ez zaigu gustatuko bihotza arima eta bizitza saskiartean jartzen duen jokalaria. Bi Euroliga irabazi ditu, Pablo Lasoren eskutik beti. Era batean, Spanoulisen bertsio espainiarra da. Buruzagia. Taldekideek edonora jarraituko duten eroa. Eta zoro aurpegia du maiz. Baina azkenean ezinezkoak diruditen saskiratzeak lortzen ditu, eta galduta ziruditen gudueetan garaile ateratzeko gaitasuna du.
Bi garaipen (2003 eta 2010)
Juan Carlos Navarro
Zutik jarri behar gara izen hau esateko ozenki esateko. 'Bonba' ezizenakin ezaguna den jokalaria saskibaloia da, jaurtitzaile bikaina. Hamarkada honetan Europan ezer ez irabazita ere (bere bi Euroliga 2003an eta 2010an izan ziren), duen talentu indibidualari beti atxikitu diote ezker onenen artean egotearen merezimendua. Saskiratze errekor ia guztiak bereak dira. Bere jokatzeko modua berezia da. Pau Gasolen baimenaz, Espainak ikusitako jokalaririk apartena eta selekzioak irabazitako guztiaren ardatza, seguruenik.