Gorrotoa azaleratzen denean
Bai horixe ·
Sare sozialak direna egiten dituen arrazoia ez dator teknologiatikFutbolaz txukun idazteko gauza nintzatekeela uste dut, sekulan, ezta haurtzaroan ere, futbolean egin ez badut ere, zuzenean azken partida ikusi nuenetik mende erdi baino gehiago joan bada ere, telebistan sekula santan partida oso bat ikusi ez badut ere. Oihartzunak heltzen zaizkit, nahi gabe gehienetan, izenak ezagutzen ditut, edozein momentutan esan dezaket ze talde dagoen taularen gailurrean, ze talde kategoria galtzeko arriskuan.
Oihartzunak heltzen zaizkit, zipriztinak nabaritzen ditut, hedabide arrunten bitartez, aspalditik futbolak hedabide horiek kolonizatu egin dituelako. Berdin gertatzen zait sare sozialekin. Ez ditut apenas erabiltzen, baina badakit ze gai dagoen olatuaren gandorrean, ze oka nabarmendu den gehien, ze gorroto klase gailendu den, noren kontra egin duen azken erasoak.
Berez, sare sozialek, gainerako giza asmaketek bezalaxe, erabilera desberdina izan dezakete, erabiltzaileen arabera. Sare sozialak erabili daitezke, eta erabiltzen dira, giza harremanak sendotu eta errazteko, elkarlana sustatzeko, solidaritatea bultzatzeko ...
Baina ez da hori nabarmentzen dena. Teknologia berria dute oinarri sareek, erabiltzaile batzuk teknologia hori martxan zegoela jaio baziren ere. Horrela esaten diegu, teknologia berriak eta adjektibo horrek salatzen du erabiltzen duena ez dela berria. Teknologia, ordea, ez da gertatzen denaren erantzule. Direnak egiten dituzten arrazoiak ez datoz teknologiatik, erabiltzaileengandik baizik.
Erabiltzaileok nahi duguna dira sareak. Eta nahi dugun hori gehienetan zikina da, oldarkortasunaz josia. Noski, izengabetasunak zerikusia du hor, baina ez da berezkoa, ez da nahitaezkoa. Erabiltzaileon barruan dagoen gorrotoa husten da bertan eta aztertu behar dena horixe da, nondik datorren hainbeste amorru.
Agian aldamenean dugun pertsona adeitsu hori da sareetan hau edo bestea erasotzen duen pertsona bera, sareen alde argia iluntzen duen pertsona, etxean emaztea gaizki tratatzen duena gainerakoontzat uxo baketsu giza azaltzen den bezalaxe. Borborrean du gorrotoa barruan, baina ez zaio kanpotik igartzen.
Pentsa daiteke sare sozialak eskura ez bagenitu, beste nonbait azaleratuko litzatekeela sarretan ikusten den amorrua. Zer nahi den, alferrikakoa omen da aldaezina aldatzeko egindako ahalegina. Agian horrelakoa da gure gizartea eta hortik kanpo ikusten duguna edukazioak epeldutako itxurakeria besterik ez da.