26 gaztek parte hartuko dute, aurten, lehen sektorea sustatzeko Gaztenek Berri programan
Mondragon Unibertsitateko Mondragon Team Academy izeneko metodologia erabiliko dute, hots, eginez ikastekoa
Paul Picado
Asteazkena, 20 uztaila 2022, 14:27
Guztira, 26 gaztek parte hartuko dute, aurten, lehen sektorea sustatzea helburu duen Gaztenek Berri programan. Hori lortzeko, Mondragon Unibertsitateko Mondragon Team Academy (MTA) izeneko metodologia erabiliko dute, hots, eginez ikastean datzana.
Programa hori, berez, 2004. urtean abian jarri zuten Gaztenek programaren jarraipena da. Horren helburua zen gazteek lehen sektorean eta landa-arloan lan egitea, eta lortu ere egin zuten, izan ere, gaur egun arte, 919 gazte (353, Bizkaikoak, 306, Gipuzkoak eta 260, Arabakoak) hasi dira lan egiten lehen sektorean, programaren barruan sortu zituzten enpresa-proiektuekin. Horietatik, 325 emakumeak dira, eta gainerakoak, gizonak.
Gaztenek Berri programaren bidez, enpresa bat kudeatzen, digitalizatzen eta berritzen ikasiko dute parte hartuko duten gazteek, nekazaritza eta abeltzaintza sektorean batik bat. Gazte horien artean, 11, Arabakoak dira, 6, Bizkaikoak eta 8, Gipuzkoakoak.
Lehen sektoreko langileak gero eta zaharragoak dira, eta atzetik ia ez dago belaunaldien jarraipenik. Beraz, programa honen bidez, jarraipen hori bermatzea da helburua. Bestalde, gaur egungo egoerara egokitu beharko dute, eta horrek proiektu berritzaileagoak, modernoagoak eta esperientzia berriak ekarriko ditu.
Horretarako erabiliko dute, hain zuzen, aurretik aipatutako MTA metodologia. Horren barruan, besteak beste, saio dinamikoak antolatuko dira, online, sektorean dauden arazoak hobeto ulertzeko, etorkizuneko joerak zein diren jakiteko, eta tresna berriak ezagutzeko.