Gazteentzako sare sozialei buruzko lantegiak, Arratian eta Durangaldean
Azkue Fundazioaren 'Bziber' proiektua hamaika eta hamalau urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta urriaren 16tik 24ra egingo da Igorren, Durangon, Elorrion eta Berrizen
Zurekin
Asteazkena, 6 urria 2021, 20:15
Joan den asteartean, urriaren 4an, Whatsapp, Facebook eta Instagramen erorketarekin sortu ziren arazoen ondoren, sare sozialen inguruko eztabaida sortu da. Gaia modan dagoela aprobetxatuz, une egokia dirudi gazteek 'Bziber' proiektuarekin ikas dezaten. Proiektu hori Azkue Fundazioak zuzentzen du, hamaika eta hamalau urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta Bizkaiko Arratiako eta Durangaldeko lau udalerritan izango da. Zehazki, urriaren 16tik 24ra egingo dira Igorren, Durangon, Elorrion eta Berrizen.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lantegien helburua da gazteei euskarazko erreferenteak erakustea eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera animatzea, sareko plataformetan euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Halaber, sare sozialen erabileraz jabetzea eta norbere irudiak grabatzearen ondorioez hausnartzea bilatzen da.
Horrela, lantegiotan, zenbait plataforma teknologiko aztertuko dituzte (Instagram, Tik-tok, Twitch eta beste batzuk), eta batez ere ikus-entzunezkoen sorkuntzan eman beharreko urratsetan trebatuko zaie parte hartzaileei: ideia pentsatu, gidoitxo bat egin, irudiak grabatzeko teknika egokiak aztertu, editatzen ikasi eta abar.
Horrekin batera, sarean bideogintzan dauden euskarazko erreferenteak ezagutuko dituzte, eta tresna teknologiko horien erabileraz hausnartu eta euskarazko edukiak sortuko dituzte ere talde giroan. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioak lau ordukoak izango dira, lekuaren arabera goizez edo arratsaldez.
Izen-ematea bziber.eus webgunearen bidez egingo da, asteazken honetatik urriaren 13ra bitarte. 11 eta 14 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute, eta izena emateko webgunean jasotako inskripzio-fitxa betetzea baino ez dago. Lantegi bakoitzean 15 leku izango dira, eta eskaerak lekuak baino gehiago balira, zozketaz izendatuko dira. Zozketak tokian toki kudeatuko dira, eta urriaren 14an egingo lirateke.