Mundua kaos handi batean murgilduta dago. Ekonomia globalak ziurgabetasun etengabea bizi du, aliantza estrategikoak apurtzen ari dira eta nazioarteko erakundeak gero eta ahulago daude. Testuinguru horretan, lider politikoek egonkortasuna eta konfiantza transmititu beharko lukete. Baina Donald Trumpen eredua guztiz bestelakoa da. Bere politika egiteko moduan, adiskidetasuna bihurtu du gakoa, baina adiskidetasun berezi, aldakor eta arriskutsu bat.
Publicidad
Aste honetan Javier Mileirekin gertatutakoak oso ondo erakusten du zein den Trumpen ikuspegia. AEBetako presidenteak Argentinari 20.000 milioi dolarreko laguntza iragarri zion, baina baldintza batekin: Mileik hurrengo hauteskundeak irabazten baditu. Hau da, harremana ez dago Argentinarekiko errespetuan edo epe luzeko konfiantzan oinarrituta, baizik eta muturreko eskuinaren emaitza baten menpe. Lagun izatea Trumpen hiztegian ez da balio iraunkorra, baizik eta momentuko kontratua. Horrek Argentinako merkatuetan urduritasuna sortu zuen berehala...
Ez da lehen aldia horrelako jarrera ikusten zaiola. Gazako bake akordioen sinaduran, esaterako, bertaratutako presidente guztiei lagun deitu zien, bere burua bakearen gidari nagusi bezala aurkeztu nahi zuen momentuan. Egun horretan guztiek jaso zuten irribarrea eta adiskidetasun deklarazioa, baina ordu batzun pasata, desadostasunik txikiena nahikoa da traidore izatera pasatzeko. Hor dago Espainaren kasua: agurretik arantzelak ezartzeko mehatxura pasatu zen 24 ordutan.
Kontua da Trumpen ereduan, guztia harreman pertsonalen arabera eraikitzen dela. Putin, Kim Jong-un edo Milei, denek balio dute lagun izateko, betiere Trumpen kalkulu politikoetan sartzen badira. Baina horrelako aliantzek ez dute sendotasunik; haizea aldatzen denean, adiskidetasuna desagertu eta etsaitasuna ager daiteke bat-batean. Eta datorren astean ikus dezakegu Ukraniako gerrarekin.
Horrek guztiak arrisku larriak dakartza. Mundua dagoeneko nahasia denean, Trumpen estiloak are gehiago sakontzen du ziurgabetasuna. Herrialdeek ezin dute konfiantzarik izan AEBekin, ez baitakite zer baldintza ezarriko diren bihar, berdin dio arantzelei buruz edo beste edozein gairi buruz hitz egiten ari garen. Gainera, mezu kaltegarria zabaltzen da: printzipioak, nazioarteko zuzenbidea eta erakundeen egonkortasuna bigarren mailan daude; lehenengoan, berriz, nor den Trumpen lagun eta nor ez.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión