Aspaldi honetan nabil atrizio linguistikoaren inguruan bueltaka, gogoeta-haria askatu nahian. Idazleei dagokienez gertatzen da, atzerrian edo erbeste mingotsean bizirik, bere ama hizkuntza ez den beste baten mendean, ahitzen edo ahultzen direnean ama hizkuntzarekiko harremana eta lotura. Horrekin batera, hiztegia urrituz, gramatika zahartuz, sintaxia herdoilduz ere galtzen da sortzeko ahalmena.
Publicidad
Ovidio da lehen idazlea, atzerrian egonik, barbaroen mugan, keja eta desditxa ugari azaltzen dituena, 'Tristia' izena duen liburuan, tristean txapeldun: «Ez dut nazio basati honekin hizkuntza-harremanik batere», «ez dut inor ondoan nire bertso latindarrak kantatzeko».
Ez da egoera erraza latinez idazten duen idazle batentzat. Hizkuntzaren bizitzatik urrun geratu da, Erroman eta Italiako hirietan hitz egiten dena urrutikoa zaio, ez daki dagoen tokian hiztunak zer hitz egiten duen. Bera hizkuntza arrotzez inguratuta dago; publikorik ez du bere poesiak eta ikusten du bere hizkuntza pobretzen eta kaskartzen ari dela. Horra hor erbestearen fruitu gaitza.
Aristotelesek idatzi zuen, greko jasoaz, hizkuntzak ez duela eraginik pentsamenduan, lehenagokoa baita. Gero, hitzak. Baina hitzik gabe ezin idatzi. Shakespeareen 'Hamlet'en irakurtzen da: «Zer ari da irakurtzen berori?/ Hamletek erantzuten:/ Hitzak, hitzak, hitzak».
Hitzak dira literaturaren sostengu eta oinarri, hitzik gabe, ahozko hitzik gabe, edo idatzitako hitzik gabe ez litzateke literaturarik egongo. Aristotelesen teoria da, hizkuntzak sortu aurretik gizakiak bazuela munduaren irudipena egina, buruan ordea. Gero hitzak jarri zizkion irudipen horri, nork bereak. Kontatzea bizitzea da, eta bizitzea kantatzea. Ahotik belarrira istorioak joan eta etorri egiten zirenean kanta zen nagusi. Hexametro greziarra da horren adibide; ez dakigu nola ahoskatu, baina kanta libratzen dugunean, hitzak bata bestearen atzetik hasten dira ibiltzen, elkarri loturik. Homeroren 'Iliada' kanturako gonbidapena da.
Publicidad
Oroitzea kontatzea da, neurri batez. Oroimenak bere hizkuntza du, bere hiztegia, bere pausoa, bere ibilaldia. Homerok 'Iliada'n memoria zaharrari deitzen dio etor dakion, kontu eta kanta zaharrak ekarriz. Beti dago kontaera taxuzko batean, une bat non, beste uneetatik bereiziz eta gardenduz, ahaztezin bihurtuko den: maiteminaren zapatekin saltoka hasi ginen lehen aldia; lehen seme edo alaba jaio zen ordu pozgarri eta ikaragarria; maite genuena betiko joan zitzaigun denbora latz eta mingarria. Idaztea besteari begiratzea da eta haren argia hatzetan hartu eta orri zurian zehar hedatzea.
Ama hizkuntza ez da hizkuntzaren ama. Amaren hizkuntza eta aitaren etxea, horra hor kontraesan bat.
Pedro Mari Otaño bertsolariak argi zeukan zertan zen ama hizkuntza. «Ni jaio nintzan Euskal-Lurreko/ leku pozgarri abetan/ eta euskera irentsi nuben/ lenbiziko asnasetan,/ amak siaskan nedukanian/ edo bere besuetan,/ kontu politak esanaz beti,/ kantatuaz batzubetan,/ geren aitonak moldatutako/ itz neurtu ta bertsuetan».
Publicidad
Argentinan zegoelarik, maiz etorri zen haren oroimena Euskal Herrira. Haren mina, euskara galtzen ari zitzaiola.
Ovidio bezala, kantatu nahi eta inguruan inor gutxi entzule.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión