Ezagutu Puppyren jatorria, Guggenheim museoko zaindaririk ederrena
Hogei urte baino gehiago daramatza mundu osoko turistak maitemintzen bere 12,4 metroko altuera eta 60 tonako pisuarekin
NAHIKARI CAYADO
Larunbata, 6 ekaina 2020, 21:22
Ziurrenik, Bilboko, eta baita Bizkaia osoko, txakurrik ezagunena da Puppy, Guggenheim museoko zaindaria. Irribarretsu, beti dago argazkietan zoriontsu agertzeko prest. Bere lore ederrez apaindurik, mundu osoko turisten argazkiak kolorez betetzen ditu 12,4 metroko altuera eta 60 tonako pisua daukan txakurtxoak. Bere arraza west highland white terrier da, eta 1997ko udazkenean etorri zen lehenengoz Bilbora. Arrez geroztik, milaka eta milaka izan dira maitemindu dituen turistak. Nork ez du atera ba argazkirik munduko pinakoteken zaindaririk ederrenarekin?
Jesarrita, karlin-txakur baten antzera. Horrela pasatzen ditu Puppyk egunak. 1997ko urriaren 14an ikusi zuen gizarteak lehenengoz loredun eskultura, Guggenheim museoa inauguratu baino lau egun lehenago. Aurkezpena baina, ez zen guztiz alaia izan. Aurreko egunean, metro gutxitara, ETAk Txema Agirre ertzaina erail zuen, garaiko lehendakaria, Jose Antonio Ardanza, Espainiako presidentea zen Jose Maria Aznar, eta Juan Carlos I erregea batzekoak ziren inaugurazioko segurtasun neurriak konprobatzen ari zelarik. Antza, Agirrek ETAK inaugurazioan egingo zuen atentatua hondatu zuen eta bere bizitzarekin ordaindu zuen. Lorezaintzako furgoneta susmagarri bat sumatu zuen Agirrek inguruan, esplosiboz beteriko harri kartoizko loreontziak zeramatzana.
Tragedia alde batera utzita, Puppyren historia askoz ere alaiagoa da. Bilbora iritsi baino bost urte lehenago jaio zen, 1992an, Jeff Koons artista ezagunaren eskutik. Estatubatuarra Guggenheimen beste aldean dauden metalezko tulipa distiratsuen egilea da ere. Koonsek hasierako Puppy egurrez egin zuen, garaiera gutxiago zeukan, -hamaika metro- eta lore handiagoz apaindurik zegoen. Alemaniako Bad Arolsen, Kassel hiritik oso gertu, aurkeztu zuen, Waldeck familiaren gazteluaren patioan Documenta IX jaialdiaren baitan. Erakusketa amaitu zenean, suntsitu egin zuen Koons-ek.
38 mila lore dituen maskota
Halere, Puppyk izan zuen arrakastaren ondoren, eskultura perfekzionatzea erabaki zuen. Egurraren ordez, altzairu herdoilgaitza erabili zuen. Obra solidoagoa izan behar zen. Horren gainetik sare metaliko batek batzen du. Hor kokatzen dira, hain zuzen, Guggenheimen maskota atontzen duten 38 mila loreak.
Eskulturaren aurkezpen ofiziala Bilbotik oso urrun egin zen, Sidney hirian hain zuzen, Australiako arte garaikidearen museoan, 1997an. Hilabete batzuren buruan baina, Solomon Guggenheim fundazioak bere bildumarako erosi zuen. Hortik aurrera, Bilboko pinakoteka nagusiaren zaindari fidela izaten darama ia hogeita hiru urtez.