Euskadiko esne-bankuak 370 litro esne inguru bildu ditu lehen urtean
Bankuko 12 emaileen esnearekin, Neonatologia Unitateetarako 1.700 biberoi baino gehiago prestatu dira
amalia Ibargutxi
Larunbata, 6 urria 2018, 23:21
Duela urte bete jarri zuten martxan Euskadiko esne-bankua. Haur goiztiarrei ateak «ahalik eta elikadurarik onena» eskaintzearren zabaldu zuten, kilo bat eta erdi baino gutxiago pisatzen duten haurrentzat edo 32 asteak baino lehen jaiotakoei, edoskitze naturala jaso ezin badute. Bankuan 102 lagunek parte hartu dute esne-emaile bezala, eta guztira, 370 litro esne inguru eman dute. Hala, esne horrekin Neonatologia Unitateetako 1.700 biberoi baino gehiago prestatu dira.
Lurraldeka, Bizkaiak du emaile-kopuru handiena (58), eta Gipuzkoak eta Arabak jarraitzen diote, lurraldeko 22 emailerekin. Basurto, Gurutzeta, Donostia eta Txagorritxuko ospitaleetan jasotzen da esnea, baita Euskal Biobanko sareko beste lau harrera-gune berritan ere.
Prozesuan kontrol zorrotzak egiten dira elikadura baldintza optimoetan dagoela bermatzeko, maila mikrobiologikoari dagokionez ez ezik, dakartzan funtsezko mantenugai kantitateari dagokionez ere. Azken hamabi hilabete hauetan jasotako 370 litroetatik 51 bakarrik baztertu dira. Izan ere, parte hartzen dutenei, esnea eman aurretik, azterketa bat eta analitika bat egiten zaizkie, transmititu daitezkeen gaixotasunak edo substantzia toxikoen kontsumoa baztertzeko. Biltegiratu eta ondoren banatzen zaie, premien arabera, euskal sare publikoko neonatologia unitateei.
Elikadura optimoa
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME), UNICEFen eta haurren zaintzan inplikatutako Elkarte Zientifikoen (Pediatriako Akademia Amerikarra, Elikadura Pediatrikoko Europako Elkartea) moduko osasun erakunde nagusienen arabera, amaren esnerik ez dagoenean emaile batek emandakoa da aukerarik onena, bankuetako ama-esneak elikadura optimoa eskaintzen baitio haurrari, eta immunizatu egiten du gaixotasun kutsatzaileen aurrean, besteak beste.
Edozein emakume osasuntsu izan daiteke emaile, zailtasunik gabe edoskitzen ari dena eta haur bat izan duena aurreko hiru astetik sei hilabetera artean. Ama bakoitzak, bere haurrari bularra eman ondoren, soberan duen esnea erauzten du, izozkailuan gorde eta ondorengo 15 egunetan entregatzen du. Interesa dutenek Euskadiko Ama Esne Bankuarekin harremanetan jarri behar dute. bancolecheeuskadi@osakidetza.eus helbidean.
Jon Darpón osasuneko sailburuaren arabera, emaile egin diren emakumeen kopuruak goranzko joera izan du orain arte, eta pozik daude emaileen erantzun horrekin. «Haien ekarpen desinteresatuari esker elikatu daitezke egokiro ahultasun-egoeran dauden jaioberriak eta haurrak, eta gure erabateko aintzatespena merezi du horrek», esan du.