https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadik eta Quebecek bien arteko kultur harremanak sendotuko dituzte

Bidaiaren bigarren partea Ottawan izango da./AFP
Bidaiaren bigarren partea Ottawan izango da. / AFP

Bidaiaren helburu nagusietako bat Montrealeko McGill Unibertsitatearekin esparru hitzarmen bat sinatzea da, epe laburrean Euskal Ikasketen Katedra bat sustatzeko

ELCORREO.COM

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Quebec bisitatuko dute aste honetan, lurralde amerikarrarekiko kultur harremanak sendotzeko asmoz. Quebeceko kultur erreferentzia nagusietako batzuk ezagutzeko aukera izango dute euskal ordezkariek aste osoan zehar, bai eta Marie Monpetit Kultura ministroarekin biltzekoa ere. Bidaiaren helburu nagusietako bat Montrealeko McGill Unibertsitatearekin esparru hitzarmen bat sinatzea da, epe laburrean Euskal Ikasketen Katedra bat sustatzeko.

Bisita atzo hasi zen, Quebec hiriburuan. Quebeceko Udako Jaialdiaren eta Arteen eta Letreen Kontseiluko Batzordearen ordezkariekin bildu ziren bertan. Era berean, Zibilizazioaren Museoa eta Arte Ederren Museoa bisitatu zituzten.

Gainera, astean zehar, hiriburuko beste zenbait kultur erreferentzia bisitatuko dituzte, tartean Literaturaren Etxea eta Arkeologiaren Erreserba Laborategia, han baitaude euskal baleontzien jardueraren aztarnak. Halaber, Marie Monpetit Quebeceko Kultura ministroarekin bilduko dira.

Apirilaren 19an, programak Ottawan jarraituko du, Quebeceko lurraldetik kanpo. Bertan, Canada Parks agentzia publikoko ordezkariekin biltzeko aukera izango dute euskal ordezkariek, Kanadako ondare historikoa, giza ondarea eta ondare naturala kudeatzeaz arduratzen diren agentziakoekin, alegia. Erakundearen egitekoen artean dago Kanadako leku historikoak kudeatzea, tartean euskal baleazaleen legatuarekin lotura dutenak.

Leku horietako bat da Red Bay euskal baleazaleen estazioa, Ternua eta Labrador probintzian kokatua eta 2013an Gizadiaren Ondare deklaratua. Gaur egun, itsaspeko ingurune arkeologiko preziatuenetako bat da Ipar Amerikan, eta bertako interpretazio zentroak baleazaleen historia azaltzen die bisitariei, ondare historikoa babesteko asmoz.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak memorandum bat sinatu zuen joan den azaroan Canada Parks agentziarekin, Euskadiren eta Kanadaren artean partekatutako historian sakontzeko helburuarekin. Gainera, asteazkenean bertan, Kanadako Historia Museoaren kudeaketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Temas

Quebec

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos