Eskola eta oinazea
Edonoren bizitzan daude argiak eta itzalak, batzuetan arinak, besteetan sakonak. Helduok pentsatu ohi dugu hori guri dagokigula, haurtzaro gehienetan ez dagoela iluntasunik edo, horrelakorik balego, haurrak berehala gainditzen dituela. Hori pentsatu nahi dugu, guraso izan ala ez, haur bat eskolara daramagunean, dena izango dela poz eta irri, festa giroa izango dela nagusi.
Eta agian horrela izango da gehienetan. Baina errealitateak frogatzen digu mina, are oinazea, gaindiezinak izan daitezkeela haur batzuentzat. Ez dakit lerro hauek idatzi eta argitaratu bitartean zer gertatuko den, baina une honetan fresko daukat hamar urteko neska baten suizidio ahalegina.
Neska horrentzat, joan den ikasturtea kalbarioa izan zen, eskola kide batzuen eraginez. Irainak, arbuioak, bazterkeria. Umekeria txikiak kaltegileen gurasoentzat eta irakasleentzat, arazo larria kaltetuarentzat eta haren gurasoentzat, jostaketa alboko ikusleentzat, egoeraren aurrean etxean ikasitakoa egiten dutenentzat.
Zu ez sartu saltsatan, zu zeurera, ezikusiarena egin, esaten diegu eta haur gehienek hori egiten dute. Baina luxu hori ez dago kaltetuaren eskura. Lehen aipatu dudan neskak aringarri gisa hartu zituen oporrak ikasturtearen bukaeran, ia-ia ahaztu eta guzti egingo zuen, tarteka, sufritutakoa. Denborak, ordea, beti egiten du aurrera eta udaren bukaerarekin etorri zen ikasturte berria.
Eta hor zeuden erasotzaileak, min emateari gustua hartuta. Bigarren eskola egunean neskak etxetik kalera salto egin zuen. Ospitalean dago, aldaka hautsita. Bizirik.
Kaltegileak, berriz, eskolan, ezer egin ez balute bezala, lasai asko, harro agian. Kaltegileen gurasoak, irakasleak eta lekuko isilak? Auskalo, baina, seguru, gertatutakoari garrantzia kentzen. Hori da mingarriena, errudunen axolagabekeria, lekukoen zurikeria.