https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errefuxiatuen aldeko giza kate bat burutuko dute datorren igandean Durangon

Errefuxiatuak, Jordanian./EFE
Errefuxiatuak, Jordanian. / EFE

Espainiar estatuko 250 elkarte, erakunde, sindikatu, kolektibo eta plataforma inguruk sinatu dute pertsona migratzaile eta errefuxiatuen aldeko hitzarmena

UNAI SARRIUGARTE

Espainiar estatuko 250 elkarte, erakunde, sindikatu, kolektibo eta plataforma inguru bildu dira pertsona migratzaile eta errefuxiatuen aldeko hitzarmena sinatzeko. Hori dela bide, errefuxiatuen aldeko giza kate bat osatuko dute datorren igandean Durangoko Ezkurdi plazan.

Ekimena pasa den ostegunean, maiatzak 2, aurkeztu zuten Bilbon. Maria Juncay, Onintza Enbeita, Ana Urrutia, Hassima Aalla eta Luis Arbide izan ziren adierazpen hau irakurri zuten arduradunak.

Bestalde, hainbat idazle eta pertsonai publiko euskaldun egon dira sinatzaileen artean: Bernardo Atxaga, Adela Asua, Garbiñe Biurrun, Daniel Innerarity, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Pello Salaburu, Edurne Portela, Lourdes Oñederra eta Maixabel Lasa etab.

«Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada» izeneko iniziatiba Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugarik gabeko Karabana gizataldeek antolatu dute Euskadi mailan. Ekimen honek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala betetzea aldarrikatzen du. Pertsona migratzaile guztiak aske izan ahal izatea eta Europako gainerako biztanleek dituzten eskubide berberak bermatu ahal izatea.

Errefuxiatuen eta pertsona migratzaileen bizitzak salbatzea, elkartasuna adieraztea eta pertsonak babestea, artatzea, defendatzea eta aukera berri bat topatzen laguntzea eskatzen da ekimen solidario honen bitartez.

Datorren igandean Durangon ospatuko den ekitaldia goizeko 11:45ak aldera hasiko da. Eskutik helduta, zortzi zutabek giza kateak osatuko dituzte, eta isilean Ezkurdi plazatik Landako gunera abiatuko dira. Zutabeek aurrera egiten duten heinean, Europako mugetan azken urteotan hildako 35.000 pertsonen izenak irakurriko dituzte.

Ondoren, Landako gunean, bi giza kateek bat egin eta eraikina inguratuko dute, besarkada kolektiboaren ekimenarekin amaitzeko. Azkenik, zortzi pertsonak, gizarte mugimenduetako zortzi zutabeen izenean, Unai Iturriaga durangar bertsolariak osatutako olerki bat irakurriko dute.