Eraginkorra al da aldizkako baraua obesitateari aurre egiteko?
Idoia Labayen Goñi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Departamentuko irakaslea eta ELIKOS ikerketa taldeko burua, gai horretaz ariko da hitzaldi batean, asteazkenean, Bidebarrieta Kulturgunean
Unai Sarriugarte
Lunes, 12 de junio 2023, 19:52
'Aldizkako Barauaren Eraginkortasuna Obesitatearen Tratamenduan' izeneko hitzaldia eskainiko dute asteazken honetan, ekainaren 14an, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Hauxe Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzietako Saileko irakasle eta ELIKOS ikerketa taldeko burua den Idoia Labayen Goñik emango du. Arratsaldeko zazpietan Areto Nagusian abiatuko den ekimena euskara hutsean izango da, bertaratzea librea eta doakoa izango delarik.
Pisua galtzea xede duten tekniken artean aldizkako barauak garrantzi handia hartu du azken urteotan. Hala, horren inguruan mintzatuko da Labayen Goñi, ebidentzia zientifikoek honen iguruan zer esaten duten azalduko duelarik. Hau da, otorduok eguneko ordu gutxi batzuetan egiteak eta besteetan ez jatea oinarrian daukan metodoaren nondik-norakoen inguruan adituek zer iritzi duten mahaigaineratuko du.
Izan ere, 'Bidebarrieta Zientifikoa' zikloaren hitzordu berri bat ospatuko dute asteazken honetan. Hitzaldi hauxe Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak atondu dute elkarlanean.
Idoia Labayen Goñi Zientzietan doktorea dugu Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baita erakunde honetako irakaslea izan ere Osasun Zientzietako Sailean. ELIKOS ikerketa taldeko buru dena, Karolinska Institutuan (Suezia) eta Georgia Prevention Instituten (Georgia) zientzialari bezala aritutakoa da azken urteotan. Hain ikaragarria da Labayen Goñik esparru honetan landutako ibilbidea, non azken hamarkadotan zientziarekin erlazionatutako 200 artikulutik gora landu dituen. Gaur egun, berriz, Institute for Sustainability & Food Chain Innovation erakundeko (IS-FOOD) zuzendaria ere bada.