Eguzkia Arizonan, euria Los Angelesen
Harmailatik ·
Phoenix Suns liderrak dira Mendebaldeko konferentzian Chris Paulen eskutik, Lakersen krisiak LeBron eta bere mutilak zazpigarren lekura eraman dituen bitarteanPhoenix basamortu baten erdian dago, Sonorakoarenean, hain zuzen ere. Beraz, eguzkiak distiratzen duela iragartzea ez dirudi oso berritzailea. Hala da ere Sunsen kasuan, play off-era itzuli baitira 10 urte geroago. Ez dira denboraldi osterako bakarrik sailkatu, Mendebaldeko konferentziaren liderrak baitira, Utah Jazzen baimenarekin.
Bere hiru zutabeko jokoa benetan ikusgarria da. Deandre Ayton taula azpian; Devin Bookerren saskiratzeko abileziak -Kobe Bryanten oinordeko naturala da Booker-, eta Chris Paulen zuzendaritza magistralak Arizonakoek iaz Ricky Rubioren agindupean izandako hazkundea baieztatu egin dute. Eta nola.
Los Angelesen, berriz, euria ari du. Hammonden 'it never rains in southern california' delakoa Clippersentzat bakarrik betetzen ari dela dirudi. Hainbeste urte hondartuta eman eta gero, anai pobreari loteria tokatu zitzaion George eta Kawhairen fitzaketekin. Lakersen etxean, ordea, lakua gainezka egiteko mehatxua egiten du.
LeBron eta Davis lesionatuta zeuden bitartean jasotako porroten kezkari, itzuli ondorengo lehen bi neurketak galtzearen izua gehitu behar zaio. Orain zazpigarrenak dira, play in jokatu beharko dute hor bukatzen badute liga, eta asko zailtzen zaie titulua berritzea. Hori bai, krisi hau gainditzea lortzen badute, eta Davis eta Lebron euren bertsiorik onena ematen badute, faboritoak izango dira berriro.
Baina itzul gaitezen Phoenix taldera. Montty Williamsen mutilak amets batean daude. Eta nahiz eta inork denboraldiko MVP CP3rentzat ez eskatu, egia esan, une honetan ligako antolatzairerik onena dela onartu behar da. Rubio miresten dugunok mindu egin gintuen beste maila batera eraman zuen talde batetik irteteak, baina aitortu beharra dago bere ordezkoak, 'Skate irakaslea' k, Suns taldea katapultatu duela.
Ligako liderra izatea -Jazzekin borrokatuta- pentsaezina zen ikasturtearen hasieran. Play off-ak merezi dituzte bai, iaz burbuilan merezi izan zituzten bezala. Baina ez dugu taldea hain goian ikusi Steve Nash, Amar 'e Stoudemire eta Grant Hill bezalako jokalariak zituztenetik.
Crish Paulen jokoa bertutetsu batena delako. Mutil gaizto samarra, Isaiah Thomas Motownean bezala, baina bere ondoan jokatzen duen pertsona guztien laguna. Nola ez bere pase-gaitasun bikainari ateratzen dioten etekinarekin! Aurten, batez beste, 16,2 puntu lortu ditu Paulek. Eta 8,8 asistentzia eta 4,5 errebote. Ez du gehiago behar. Baloi pare bat besterik ez ditu galtzen. Bizitza-asegurua da, istripu-asegurua, garaipen-asegurua.
Lastima patuak Lakersen aurkako lehia erreserbatuta izatea play offeko lehen kanporaketan. Eta han, LeBron munstro trataezina izango da berriro. Iristen bada, noski. Gaur egun, Vogelen mutilek zaila dute. Frank, utzi esperimentuak eta jarri Marc Gasol titular.