Durangaldeko ondare botanikoa osatzeko laguntza eskatu diete herritarrei
Mendiez gain, eskualdeko herriek dauzkaten altxorrak ezagutzera emateko inbentario bat egiten ari da Urkiola Landa Garapenerako Alkartea
NAHIKARI CAYADO
Durango
Asteartea, 28 uztaila 2020, 21:48
Parkeak, lorategiak, zuhaitzak, loreak, landareak…, hamaika dira Durangaldeak bere barnean ezkutatzen dituen altxorrak. Horiek guztiak indarrean jartzeko asmoz, Urkiola Landa Garapenerako Alkartea ondare naturalaren eta botanikoaren inbentarioa osatzen hasi da. Horren helburua, inguruko mendietan eta basoetan kokaturik dauden baliabide naturalez gain, herrigune eta inguruetan kokatzen diren elementuak identifikatzean, zerrendatzean eta geo-lokalitzatzean datza. Norbaitek eskualdeko altxor botanikoren bat ezagutuz gero, Alkartera bidaltzea eskertuko lukete jarduera horren sustatzaileek.
Diotenez, inbentario hori osatzeak Durangaldeko baliabide botaniko garrantzitsuenak balorean jartzeko aukera zabaldu dezake, beti ere elementuen kontserbazioa arriskuan ipintzen ez den bitartean. «Identifikatuko diren elementuak herri eta inguru baten gorde beharreko ondare baten isla dira. Natura, historia, kultura eta arkitektura museo irekiak dira», gehitu dute. Zentzu horretan, inbentario horri esker bertako herritarrek, zein bisitariek gerturatzerakoan, elementuak ezagutzeko informaziorako euskarriak eskura izango dituztela adierazi dute.
Inbentario horretan parkeak, lorategiak, zuhaitzak, loreak eta landare bereziak zerrendatuko dira, besteak beste. Alkartetik aipatu dutenez, baliteke hainbat baliabide ezkutaturik egotea, horregatik, herritar zein eragile edo erakunderen laguntza eskatzen dute hura osatzeko. Bilatzen ari direnaren adibide batzuk ondorengoak izango lirateke: Elorrioko Jauregien lorategiak, Amorebieta-Etxanoko Jauregibarria Parke Botanikoa, Berrizko Udaletxeko Parkea, Durangoko Pinondo Parkea edota Garaiko Etxeitako Artea, besteak beste.
Proiektu horrekiko ekarpenak egin nahi dituztenek landagarapena@landagarapena.eus helbidearen bitartez jakinarazi beharko dute, edo 94 620 36 11 telefono zenbakira deituz. Bertan jasoko dituzten datuen artean, baliabide botanikoaren izena –jakin ezkero-, kokapena eta posiblea bada, argazkia ageri dira. Bide batez, aurkeztutako elementuaren inguruari buruzko istorioren edo pasadizoren bat ezagutzen baldin bada, bidaltzea eskertuko luke ere Urkiola LGAk.