EFM Berlinaleko Basque Audiovisual katalogoan sartzeko epea urtarrilaren 13an bukatuko da
ZINEMA ·
Zortzi egunez nazioarteko erosleekin harremanetanZUREKIN
Asteazkena, 1 urtarrila 2020, 10:15
Etxepare Euskal Institutuak, Zineuskadi elkarteak eta Eiken euskal ikus-entzunezkoen klusterrak kudeatzen duten Basque Audiovisual ekimena Berlinale nazioarteko zinemaldiko EFM azokan izango da 2020an ere, euskal zinema proiektuen katalogo berrituarekin. Bada, katalogoan sartzeko eskaera egiteko epea urtarrilaren 13an amaituko da, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez.
EFM Berlinale azoka zinemagintzako profesionalen arteko topaketa bat da, Berlinalerekin batera gertatzen dena, eta nazioarteko zinema proiektuen salerosketa egin ohi da urtero bertan. 2020an, otsailaren 20tik 27ra bitarte egingo da, eta euskal ekoiztetxeek eta proiektuek parte hartzeko aukera izango dute Basque Audiovisual egitasmoaren bitartez.
Basque Audiovisualek stand bat izango du Espainiako ICEX erakundeak EFMn jarriko duen gunean, eta bertan izango dira zortzi egunez nazioarteko erosleekin harremanetan. Standean eskuragarri izango den 'Basque Audiovisual 2020' katalogoan, garapenean edota ekoizpen fasean dauden euskal zinemagintza proiektuak edota 2019an Donostiako Zinemaldiaz geroztik estreinatutako filmak egon daitezke. Bertan izena eman nahi izanez gero, Zineuskadirekin jarri daiteke harremanetan, komunikazioa@zineuskadi.eu helbidearen bitartez.