Azala
Denbora joan eta etorri egiten da: jakinekoa da. Baina jakinekoa izanagatik ere, ezin aipatzeke laga. Denborarekin batera joerak, jarrerak eta modak joan eta etorri egiten baitira, beste zereginik ez balute bezala. Garai batean, tatuajea egitea gaizkile eta jende marjinatuaren kontua zen. Gaur egun, marjinaltzat joa izan daiteke edozein, tatuajerik ez badu erakusten gorputz lehorraren txoko estrategikoren batean. Dena dela, ez genuke zertan harritu tatuaje bat ikustean, idazteko modu bat baita; elurraren gainean edo uraren gainean idaztea baino iraunkorragoa, gainera. 'Azalaren kodea', idatzi zuen Miren Agur Meabek. 'Tatuajeak' du izenburua atalburu batek: «Eta piztutakoan, araka nazazu,/ ea letrarik dudan azalean:/ esku-izkribu baliosa naiz,/ kezko tatuajez betea». Azala da gizakion erakustokirik preziatuena. Horregatik dugu bera ezkutuan gordetzeko ohitura, kulturala gehiago naturala baino, erakusteak arazorik sortzen ez duenean izan ezik, hondartzan eta halakoetan, izan ere.
Idazteko beharrak kontingentzia guztiak gainditzen ditu. Idazteko grinak ez du errespetatzen ez hormarik, ez zorurik, ez zerurik, ez larrurik ere, ez baitu bakerik bere helburua erdietsi arte. Ikusi dut jendea tabernetako paperezko zapiak hartu eta bertan idazten; une horretako senak edo barne-bulkadak agindutakoa paperera ekartzen. Esaten diet telefono mugikorra dagoenez geroztik, ez dela beharrezkoa halako erakustaldirik, paperezko zapiak muturra garbitzeko direla, ez inpentsan poemak taxutzeko, edo xahutzeko, ez dakit.
«Azala da gorputzaren faro eta argi-emaile. Keinuak egiten ditu»
Gorputzak uste baino gehiago esan dezake, hartara jarriz gero. Emakumeak trebeak dira, aspaldiko isiltasunaren eraginez, komunikazio kode gorputzezkoak erabiltzen. Ezpainak margotzen badituzte, zerbait esateko da; belarritakoak janzten badituzte, esandakoari zerbait gehitzeko da. Gizonezkook ez dugu halako ahalbiderik, tatuajearen erabilera unibertsalizatu den neurrian. Tatuajea, garai batean, marinelen edo soldaduen ezaugarria zen, nonbait lanera kanpora joandako jendearena. Tatuajea, ordea, beti izan da literarioa. Melvillek, 'Moby Dick' liburuan, hain zuzen, Queequeg arpoilariaren argazki ederra ekarri digu. Tatuajez josita ageri zaigu, Ismael narratzailearen adiskide eta 'alter ego'a den hori; esango nuke. Basatia da eta narrazioaren hasieratik interesa pizten du, beldur guztiak ekartzearekin batera.
Azala da gorputzaren faro eta argi-emaile. Keinuak egiten ditu, inguruan dagoenak jakin dezan non dagoen, batez ere, eta behin non dagoen jakinda eta begia hara eramanda, nolakoa duen egoera ziurta dezan. Azala, ezeren aurretik, ziurtasuna baita, ukimenaren erresuma, usaimenaren inperioa, begiraden planeta galdu eta berriro aurkitua. Azala da gorputzaren mugak erakusten dituena, azpian ez baitakigu zer dagoen, eta, jakitera iritsitakoan, askotan damua baino ez zaigu igotzen hesteetan gora trumilka eta botaka. Besteekiko lotura-guneak, espazio amultsuak, samurrak ere azalean daude. Itxura ez dena, kerantza huts ez dena ere azalean dago, agerian. Azalak ekartzen digu, biziaren irudia ez ezik, bizitasunaren esperantza ere bai. Samurtasunera bultzatzen du, xalotasunaren eskean abiatuta. Samurtasunak barnera jotzen du, ez da azalean geratzen.
Azalean idazten duenak idatzitakoa galtzeko arriskua du; azalean geratzen den testuak ez du irauten: euriak edo haizeak eramaten du, azkenean. Azalaren arabera bizi denak azaletik baino ez da onartua izango. Azalak, izan ere, tripak ditu. Eta tripak bere azala, jakina.