Egun hauetan Ward Jalal, sugarren artean alderrai zebilen -»dabilen» esan beharko nuke- sei urteko neskato gazatar horren irudiak nire atzetik egon dira: bonbardaketan ama eta neba-arrebak -seiak…- galdu berri ditu, ikaztuta, eta hor dabil, noraezean; harat-nora. Klasikoen arabera, dena -baita gu ere- oinarrizko lau substantziez eraikita dago: sua, lurra, airea eta ura. Jakina, proportzio desberdinetan. Elementu horietakoren baten prebalentziak zehaztuko gintuzke: sua da Warden bizitza bideratuko, beteko duena; sua da moldatu zaituena.
Galdetu diot, asuntoa eguneratzeko, ChatGPTri ea zertaz eginda gauden. Berak, segundo hamarren batzuetan, erantzun dit giza gorputzaren masaren ia % 99 sei elementuk osatzen dutela: oxigenoak, karbonoak, hidrogenoak, nitrogenoak, kaltzioak eta fosforoak. % 0,85 inguru beste bost elementuk osatzen dute: potasioa, sufrea, sodioa, kloroa eta magnesioa. 11ak beharrezkoak dira bizitzarako. Azken esaldi hori biribila iruditu zait, ia mehatxagarria: «zaindu potasio hori, kontuz kloroarekin edo akabo…» Baina nik beste erantzun batzuen bila nenbilen. Jakina, nire osaera organikoak kezkatzen nau, eta sufre hori zainduko dut, baina ulertu, ezagutu nahi dudana gure osaera emozionala da: Zerk osatzen gaitu? Zerk eraikitzen gaitu? Zerk garatzen gaitu? Zerk moldatzen gaitu?
Erantzunen bat aurkitu dut galdera horietarako. Hona hemen, ospetsuena: «Jaten duguna gara». Bai, MasterChefek ikaragarrizko kalte egiten dabil… Esaldia Ludwig Feuerbach filosofo eta antropologo alemaniarrak zabaldu zuen 1850eko 'Elikaduraren irakaskuntza' entseguan. Feuerbachek perpaus hau idatzi zuen Elizaren ikuspegia kritikatzeko, gizakiek bizitzeko ogia eta ura -oso azal lodia izan behar da- besterik ez zutela behar esaten baitzuen. Pentsalari horrekin bat nator oinarria elikaduran dagoela. Dena den, nik modu zabalagoan ulertzen dut «elikadura» hori: ez naiz geratzen proteinetan, mantenugaietan edo gure makineriak funtziona dezan dietan izan behar dugun zuntzean. Susmatzen dut beste «elikagai» mota batzuek osatzen gaituztela. Bai, ados, bagara jaten duguna, baina baita geratzen zaigun denbora eta irakurri ditugun liburuak ere. Zalantzarik gabe, bagara ere ez duguna, -umezurtz, burusoil, miope sentitzen gara- zorteak edo bizitzak lapurtu diguna; bagara falta zaiguna, irrikitan bilatzen duguna; bagara bizi izan duguna baina, batez ere, probatu eta esperimentatu ez duguna.
Bizipenez, uneez, harremanez «elikatzen» gara. Bereziki, hazi garen inguruneak janaritzen gaitu: batzuk argiak moldatu ditu, beste batzuk euriak; beste batzuk hotzak. Badira geneetan elurra, sarraskia, uholdea, sumendia, ekaitza, mina daramatenak; batzuk laztanez hezi dira; beste batzuk oihu eta gaitzespenez. Eta hori agerian daukagu begietan; baita azalean ere.
«Gurekin egin zutenarekin egiten duguna gara» esaldia Jean-Paul Sartreren oso aipu ospetsua eta esanguratsua da. Adierazten du -ez dakit ongi euskeratu dudan- gure nortasuna ez dagoela lehenetsita, baizik eta gure erabaki eta ekintzen bidez eraikitzen dugula, moldatu gaituzten esperientzia eta zirkunstantzietatik abiatuta.
Aste honetan Ward Jalal, sutik ihesika nahian dabilen sei urteko neskatila palestinar horren bideoak hunkitu nau. Suak eta babesgabetasunak zizelkatu dute. Ez dakit, hauxe bizi ostean, zer egiteko gai izango den, ez dakit zer lortzeko gai izango den neskato hori. Israelek ez du ulertzen gerra -edo…- irabaztea nahiko erraza dela; zailena gudostea irabaztea dela. Eta hori galduta dauka; bai, erabat.
En fin.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.