'Ukemi' du izena. Horrela ezagutzen da judon jauzten jakiteko trebetasuna. Hori da irakasten den lehen gauza, une horretan hartzen baitugu minik handiena. Pausoz pauso bizkarrez (ushiro), aurrez aurre (mae), saiheska (yoko) erortzen ikasten dugu, inoiz ez baitakigu nondik etor daitekeen kolpea. Lurraren kontrako inpaktua gorputz osoan banatzen irakasten digute, atal bakar batek ere ez dezan bereziki sufritu. Eta, garrantzitsuena, etsaiaren indarra erabiltzen ikasten dugu hura eraisteko eta gure oreka mantentzeko.
Abilezia hori menperatzeak, erorikoa traumatikoa izango ez dela jakiteak borrokan jarraitzen lagunduko digu; bestaldetik ahalik eta lasterren altxatzera animatuko gaitu.
Lehenago edo geroago denoi gertatzen bazaigu ere inork ez gaitu bizitzako 'erorketetarako' prestatzen. Horrexegatik hausten gara hain errez.
Beti harritu nau 'hautsi' aditzaren erabilera berezi, esanahi horrek. Normalean, objektuetarako erabiltzen dugu: elektrogailuak, autoak, telefonoak hautsi egiten dira. Batez ere, gauza delikatuenak dira apurtu eta hondatu egiten direnak; hausten direnak.
Bitxia bada ere, gero bikote-gorabeheretara igaro zen; agian oso hauskorrak direlako -sei urteren ondoren Nekanek eta Jonek bere harremana hautsi egin zuten-; agian haustura horiek beti gogorrak eta traumatikoak direlako, zeramikazko pitxer bat erortzean txiki-txiki egingo balitz bezala.
Kirol esatariei ere entzun ohi diegu -Carolina Marín hautsi egin da- lesio baten larritasuna deskribatzeko. Bere orkatila eta belauna ez daude hautsita, jokalari osoa da hausten dena.
Gu ere hautsita gaude: nekeagatik, gogor kolpatu gaituen esperientzia pertsonalagatik: hautsita nago, hautsita gaude… Sarritan ez baitugu ondo kontrolatzen egiten ari garen ahalegina, eta hautsi egiten gara; batzuetan, atzera bueltarik gabe. Oposaketa gaindiezin horiei bizitza osoa oparitzen diegulako, hasieran ilusionatu gintuen lan, ataza, helburu, konpromezu horrek bizitza pertsonala lapurtu digulako; elkarbizitza toxiko hori urteetan mantentzea erabakitzen dugulako.
Amore ematen ikasi beharko genuke; bai, badakit ez dagoela ondo ikusia; badakit gaur egun errenditzea ez dela aukera bat, irabazlearen etika, morala nagusitu delako, edo, gutxienez, erresilientzearena. Horregatik 'lesionatzen' gara hainbeste, hausten gara hainbeste; mugan bizi garelako. Eta, hala ere, hain da gozoa amore ematea, hain da askatzailea, hain da terapeutikoa. Horixe dugu gaur egungo lehiakortasun basatiaren filosofiari aurre egiteko baliabide bakarra: aski dela, soberan izan dugula esatea. Agur Ben Hur; hor konpon!
Hauxe izan da Zuhaitz Gurrutxaga eta Ander Izagirreren 'Subcampeón' liburua irakurri ondoren burura etorri zaidana. 'Herri txiki, infernu handi' saioko aurkezle ohiak eliteko futbolari gisa jasan zuen presioak psikologikoki nola hautsi zuen deskribatzen digu: «Beldur handia nion zelaian huts egiteari. Futbola gorrotatzera iritsi nintzen sufriarazten zidan guztiagatik».
Baina Zuhaitz garaiz etsi egin zen; bizimodu horrek, NOK ugari sortarazi zizkiona, kalte egiten ziola ulertu zuen eta, azkenean ere, errenditu zen, amore eman zuen. Bere kasuan umoreak salbatu zuen. Ikasi zuen txapeldunordea izaten, erortzen.
Bai, 'ukemi' du izena.
En fin
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.