Asgarth euskal heavy musika taldea bueltan da berriro ere hamahiru urteren ondoren
2020. urtean oholtza gainean agertuko dira berriro ere eta taldeak boskote eraberritua aurkeztuko du emanaldiotan
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 3 urtarrila 2020, 23:29
Asgarth euskal heavy musika taldea bueltan da berriro ere hamahiru urteren ondoren. Izan ere, gipuzkoar taldeak duela egun batzuk baieztatu zuenez, 2020. urtean oholtza gainean agertuko dira berriro ere eta taldeak boskote eraberritua aurkeztuko du emanaldiotan. Hala, Unai Zabala, Ander Cañas eta Asier Enbil jatorrizko taldekideei Hilotz taldeko Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu batuko zaizkie Asgarth-en aro berri honetan.
Asgarth 1997. urtean sortu zen, Donostiako Añorga auzoan. Kontuak kontu musika taldea urtebete geroago finkatu egin zen. Musika talde hauxe honako boskoteak osatu zuen: Ander Cañas (gitarra), Unai Zabala (gitarra), Joxi Perurena (baxua), Iban Fernandez (bateria) eta Asier Enbil (ahotsa).
Asgarth musika taldeak Euskarazko heavy metalaren bigarren loraldian arrakasta ikaragarria lortu zuen. Susperraldi horretan, Añorgako (Donostia) boskotea, Euskadi Gazteako maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuen, eta 1990eko hamarkadako euskal metalzale askoren erreferente bilakatu zen.
Añorgako boskoteak duela hamahiru urte utzi zion jotzeari, hamar urteko ibilbide oparoaren ondoren. Heavy metal taldea 2007. urtean jaio zen eta hamar urte horietan lau disko ezberdin kaleratu zituzten: 'Jainkoen egoitza' (1999, IZ), 'Etorkizunaren sustraia' (2000, IZ), 'III' (2002, Gor) eta 'Garraisia' (2005, EDG Music). Lehendabiziko bi albumek arrakasta ikaragarria izan zuten. Dena den, azkenengo biek ez zuten hainbeste ospe izan zalegoen artean eta 2007. urtean banatzea erabaki zuten. Hala, euren azkeneko kontzertua 2007. urteko irailaren 1ean eskaini zuten Añorgako gaztetxean.