Arestik euskal idazleengan izan duen eragina aztertzeko jardunaldi bat, Bilbon
Euskaltzaindiak 'Gabrielen ispiluetan barrena' egitaraua antolatu du bere egoitzan, azaroaren 14an
Ekainaren 5ean berrogeita hamar urte bete ziren Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, Euskaltzaindiak egitarau zabala antolatu du haren hirian, Bilbon, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Akademiak Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrarekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du 'Gabrielen ispiluetan barrena' programa, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa duela.
Publicidad
Bilboko Txistulari Bandaren kontzertu eder batekin estreinatu zen 41 urterekin joan zitzaigun idazlearen omenezko programa, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarra oroitzeko. Orain, Euskaltzaindiak egun osoko jardunaldia antolatu du, Gabriel Arestik euskal idazleengan izandako eragina aztertzeko. Horrela, poetaren heriotzaren 50. urteurrenean hainbat belaunalditako idazleei egindako galdera bat du abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean? Edorta Jimenezek, Sonia Gonzálezek, Tere Irastortzak, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek beren gogoeta poetikoak eskainiko dituzte jendaurrean, norberak Arestiren betaurrekoak jantzita.
Hori goiz partean izango da (9.30etik-13.30era), eta, arratsaldean, antzerkia eta musika uztartuko dira ordu betez, Mikel Martinez eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Bilbotar antzerkilariak 'Olerkari' bakarrizketa emango du (19.00etan), eta Gernikako musikariak Aresti kantatuz kontzertua (19.30ean).
Galda bilduma berria
Jardunaldian bertan bilduma berri bat aurkeztuko du Euskaltzaindiak: 'Galda'. Horren helburua Akademiak antolatzen dituen literatura-ekintzen testigantza idatzia jasotzea da, dibulgazioa egiteko jaso ere. Honela, lehen zenbakiak azaroaren 14ko jardunaldiaren hitzaldiak jasoko ditu eta bertaratzen diren literaturazaleen artean banatuko da.
Halaber, aurreko egunean, azaroaren 13an, antzerki-saioa izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko auditorioan, Leioan. EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatu du, Euskaltzaindiaren laguntzarekin. 11.00etan izango da hitzordua, eta Kandido Uranga eta Inazio Tolosa izango dira oholtza gainean, bi zatitan banatzen den testua gorpuzteko. Lehenengoko zatia (Gabriel Aresti Eibarren) Pedro Alberdi idazlearen ipuin batean oinarrituta dago. Arestik Eibarren lan egin zuen garaia zela eta, Alberdik bere egunerokotasuneko hiruzpalau ordu ipuin eder batean birsortu zituen. Bigarren zatian, Arestiren Harri eta Herri liburuko Profeta bati letrako poema errezitatzen dute.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión