Protesta eginez
Edozein hauteskunde politikoren ostean dagoen epe laburra izan ezik, gainerako egun, aste, urte guztiak dira hauteskunde kanpainaren parte. Iruditzen zait egia borobila dela hori, gutxienez mundu bazter honetan. Eta, gainera, hauteskundeak hurbildu ahala areagotu egiten da joera hori, politikaren munduan zuzenean esku hartzen ez duen edonor nazkatzeraino. Esparru horretan bizi direnei, politikari nahiz kazetari, normala egingo zaie, baina herritar arruntoi, ez.
Goitik beherako bide horrek ez du etenik, ezta egun seinalatuetan ere, edozer gauza baita zerbait hitza duenaren onetan erabiltzeko aitzakia. Behetik gorako balizko bidea, ordea, ez da oraindik gauzatu. Bai, guztiek esango dizute jendeak dioena entzuten dutela, baina, salbuespenak salbuespen, jendeak dioen hori beraien asmoen artean sartzen denean jartzen dute martxan entzumena. Gainerakoetan, entzungor, edozein aitzakia erabilita.
Mundua, ordea, gutako gehienon eguneroko bizitza ez dago jarrera politiko zehatz bati lotua. Adibide bat: zure herri edo auzoko anbulatorioak zure dei telefonikoari erantzuten badio sendagilearekin hitz egiteko aukera handik bost egunetara dela, telefonoz betiere, protesta egiteko gogoa sentituko duzu, isilean nahiz ozenki.
Kontua da nola helarazi dagokionari zu zintzoki ari zarela, ez zarela arduradunaren etsai, ez zarela inoren morroi, hutsune bat ikusi duzula eta hori seinalatu nahi diozula dagokionari, zuloa betetzeko behar dena egin dezan. Zoritxarrez, ezin duzu hori frogatu eta zure protesta jaso duenak pentsatuko du zirikatzaile bat zarela edo, okerrago, sistemaren kontra ari zarela. Behetik gorako bidea etena dago.
Egon badago joera hori muturreraino daraman politikorik. Eta hainbesteraino heldu gabe, arduradun gehienek, denbora gehiago botako dute aitzakiak asmatzen konponbideak bilatzen baino.