Etxekoandreen zoriona
Eszenatokia: lagunarteko bazkaria, jatetxe batean. Tarteka biltzen dira jatetxe berean eta ezagunak dira zerbitzariarentzat. Horregatik, papera eta errotulagailua eskuan, zerbitzaria ausartzen da mahaikideek daramaten elkarrizketan esku hartzen, zer jango duten jakin aurretik jatetxearen jabearen alaba den zerbitzariak zertaz ari diren entzun duelako.
Etxekoandreen zereginaz ari ziren mahaikideak eta emakumeak esan zuen etxekoandre huts direnak direla hobekien bizi diren pertsonak, etxean gozo, seme-alabak eta senarra zaintzen. Gehitu zuen horrelakoek ez dutela etxetik kanpo lan egin nahi, zoriontsu direla dauden horretan. Ezagun zituen mahaikideak, bai, baina normalean ez da haien elkarrizketetan sartzen. Kasu horretan, ordea, kontrako norabidea hartu zuen, agian barruan su txiki bat zuelako. Gainerakoen isiltasuna baliatu zuen gehitzeko alferrikakoak direla feministen ahaleginak, etxetik kanpo lan egiteak ez duelako emakume bat zoriontsuago egiten.
Halako batean, mahaikideak deseroso sentitzen ari zirelako edo, emakume batek esan zion zerbitzariari aspaldiko kontuak zirela horiek, gaur egun familia gehienetan emakumeek ez dutela aukera hori, ez delako aski soldata bakar batekin. Zerbitzaria isildu egin zen, harrituta. Isilune hori baliatuz esan zion mahaikideak etxekoandre hutsak desagertzen ari zirela eta ez feministen kulpaz, hipotekaren eraginaz baizik, laster etxekoandre huts izatea aberatsen kontua izango zela soilik.
Eskariaren zain zegoen emakumeak zabaldu zuen ahoa, zer erantzun behar zuen aurkitu zuelako. Mahaikide batek, ordea, moztu egin zion erantzuna. Esan zion eztabaida oso interesantea zela, baina lekuz kanpo zegoela. Zerbitzariak ulertu zuen mezua, baina errotulagailua eskuan, berretsi zuen, etxekoandre hutsak direla emakumerik zoriontsuenak.