Aspaldiko batailatxoa
Nire lehen aldia Durangoko liburu azokan 1970ean izan zen, edo agian 1971an. Bezperan abiatu ginen Donostiatik Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta hirurok Eibarrerantz, Lur argitaletxearen liburuez kargaturik zegoen nire Citroen bi zaldikoan, gaua bertan pasatzeko asmoz. Afaldu genuen Eibarren eta ondoren autoz abiatu ginen Durangora, beti ere ni gidari. Ez dut gogoan ze ordutan, baina gaueko 10etatik aurrera seguru. Sasoi hartan liburu azoka elizaren atariko aterpean egiten zen, taula bat bi astoren gainean eta udazkeneko egun garratz euritsuak ia-ia aseguratuak.
Heldu ginen Durangora, hartu genituen autotik kartel batzuk eta zinta itsasgarria eta aterpearen zutabeetan kartelak jartzen hasi ginen. Mezu bakarra zuten kartel haiek: LUR, hiru letra berdeska besterik ez, gure argitaletxearen izena. Ipini genituen bizpahiru kartel, agian gehiago ere bai eta inor ez kalean. Halako batean udaltzainak bertaratu arte. Hiru gazte, hogeita gutxi urteren bueltan, gau beltzean kartelak zutabeetan jartzen, Francoren heriotzerako laupabost urte falta zirenean. Esplikatu genien zertan ari ginen, gazteleraz, noski. Memoriak esaten dit Saizarbitoria izan genuela bozeramaile eta beste biok haren dotoreziaren atzean ezkutatu ginela, nola-hala. Udaltzainek beraien egoitzara lagundu ziguten eta han, berriz, esplikatu genien zeintzuk ginen, erakutsi genien nortasun agiria. Ondoren itxaronaldi luzea eta azkenean kalera. Etxera ez, Eibarreko ostatura baizik. Ipini ez genituen kartelak komisarian gelditu ziren, udaltzainen eskutan. Biharamunean, azokara joan ginenean, ez zegoen kartel bat bizirik zutabe haietan. Azokan dozenatxo bat saltoki. Bisitariak ere dozenaka kontatu zitezkeen.
Irakurleak barkatuko dit batailatxoa. Euskararen inguruan behintzat, urrutiko garaiak gaurkoak baino dezente okerragoak ziren.