Nortasun propioa munduratu
Eskatzen diot Donostiako Zinemaldiari munduari garenaren berri modu naturalean eman diezaion
Ana Urkiza
Asteazkena, 24 iraila 2025, 12:38
Leku bat baino gehiagotan esan dut, dagoeneko, balitekeela ni izatea arazoa: munduari begiratzeko begirada eta mundua sentitzeko daukadan bihotza, beharbada, zorrotzegiak direla.
Hasteko aitortuko dut zinema gustatzen zaidala, baina ez naizela jarraitzaile sutsua, ez bederen, kosta ahalako ahalegina egiten duena Zinemaldiko sarrerak lortzeko. Hala ere, beti hurbiltzen naiz. Eta aurten ere, sarrera batzuk eskuratu eta inaugurazio ekitaldia jarraitzeko prestatu nintzen. Azken hau, ETBren bidez, etxetik.
73. edizio honetan, ilusio bereziak harrapatu gaitu guztiok ere, aipatu edizioa mugarritzat jo delako: sekula baino euskal film gehiago aukeratu eta Sail Ofizialean inoiz baino euskarazko lan gehiago izango direlako. Gure zinemagintzak munduarekin solas egiteko lengoaia propioa sortu duela eta euskal zinemagintza, garenaren eta izan nahi dugunaren alde egitea dela entzun dugu nonahi.
Ideia horiek partekatzen ditudalako jarri nintzen telebista aurrean ostiralean, arestian aipatutako ilusioz eta jakin-minez, munduari irekita dagoen Zinemaldiaren leihotik euskal mundua nola erakusten den ikusteko irrikaz.
Baina 15 minutu besterik ez nituen egin.
Itziar Ituño, Silvia Abril eta Toni Acosta aktoreen sarrerak barrenak mugitu zizkidaten. Goya sarien aurkezpen ekitaldian ari zirela esanez hasi ziren, broma zela adierazi nahiz, noski. Baina ez zen inondik ere broma bat izan, Kursaaleko Zinemaldiaren aurkezpen hark Madrilen ere berdin funtzionatuko zukeen-eta. Erabilitako umorea, erreibindikazioen lengoaia eta gaiak azaltzeko modua guztiz arrotzak egin zitzaizkidan. Umorez tindaturiko aurkezpena zela adierazi zuten arren, niri ez zidan grazia zipitzik egin.
Eta telebista itzali nuen, Abril eta Acosta aktoreek, euskaraz ulertzen dutela esan zutenean. Espainolez esaldi bat bota zuen aktoreetako batek, ustez euskaradunok erabiltzen dugun euskal azentuarekin. Eta barre egin zuten.
Umiliatua sentitu nintzen, oso. Euskara, beste behin ere, barre egiteko erabili zelako, eta egoerarik onenean, 'casus belli' egiteko.
Beharbada ni izango naiz arazoa. Baina ez mindua sentitu zen bakarra. Hori dela eta eskatzen diot Donostiako Zinemaldiari, munduari garenaren berri modu naturalean eman diezaion: euskaraz eta hizkuntzaren gaineko azalpenik eman gabe. Batzuei zein arrotza zaien disimulatzen aritu beharrik gabe.
Eskatzen diot, nortasun propioa duen zinemaldia munduratu dezan.