Ama ahalguztiduna
Bai horixe ·
Nekez izango da ama ona bere burua sakrifizioraino ukatzen duenaAise entzuten da ama txarrei buruzko zerbait, errazegi leporatzen zaio emakume bati ama gaiztoa dela, ama txarra, ez duela egin beharko lukeen guztia egiten, batez ere halakoa aurrean ez badago. Ez da ama ona, esango du norbaitek, edonork omen dakielako ama ona izateko bete behar diren baldintzak zeintzuk diren, betebeharreko legea zein den.
Eta, halere, ez dago argi zerk egiten duen ama bat ona, zerk txarra, ez dago irizpide eztabaidaezinik eta, gainera, duela hamarraldi gutxi orokorra zena ez dago gaur egun hain zabaldua. Bi funtsezko gauza behar ditu haurrak: zaintza eta maitasuna, biak ala biak. Ez du balio zaintzarik gabeko maitasunak (maite zaitut, baina ez zaitut nahikoa zaintzen), ezta maitasunik gabeko zaintzak ere (zaintzen zaitut, baina gogoz kontra, maitasunik gabe).
Ama onaren eta txarraren artean marra gorri bat egiteko orduan, iruditzen zait, askoren ustez, ama ona bere burua ukatzen duena dela, sakrifizioa lege bilakatzen duena. Nire buruarentzat ezer ez, guztia gainerakoentzat, guztia etxekoentzat. Langa hori bada, ez da harritzekoa gaur egun hain haur gutxi jaiotzea.
Gutxiagori bururatzen zaio gehiegi ematea kaltegarri izan daitekeenik, amarentzat nahiz haurrarentzat. Eta, halere, gehiegikeria hori zabaldua dago gure artean, agian utzikeria baino zabalduago. Nekez izango da ama ona bere buruarekin bakean ez dagoena, bere burua errespetatzen ez duena, bere burua erabat ukatzen duena. Mugarik gabeko sakrifizioak ez du amatasun ona bermatzen eta kasu askotan, gerora kobratu nahi izango da.
Gaztaroko momentu batean galdetu nion neure buruari zergatik ziren ama-zuloak hurbil nituen mutil guztiak, ez ote nuen nik okertasunen bat norabide horretara bultzatzen ninduena. Ramon Saizarbitoriaren eleberri batekin ('Ene, Jesus') zetorren txostenak lasaitu ninduen. Bazegoen euskal amaren sindrome zeritzan zerbait. Ez nintzen ni ama-zuloak aukeratzen zituena, inguruko mutilen gehiengo zabalak zuen sindrome hori. Lasaigarri izan zen niretzat, baita testu hura irakurri zuen hainbat mutilentzat ere. Bazuen izena gertatzen zitzaien horrek, sindrome bat zen, ez desbideratze pertsonal bat.
Ez da erraza guraso ona izatea, agian gaur inoiz baino zailagoa da. Eta, halere, ama gehienok uste dugu ama onak garela edo izan garela, guk sukaldatutako errezetak osagai aproposak eta egosketa denbora zuzenak dituela, aurkitu dugula magiazko formula.