Euskadiko Save the Children udalekuak abian dira
Pobrezia eta gizarte bazterketako arriskuan dauden haurrentzat bidertatuta daude
nAGORE Eskisabel
Igandea, 28 ekaina 2020, 02:10
Martxan dira jadanik Save the Children erakundeak Euskadin uda honetan egingo dituen jarduerak, hiri-udalekuak eta online ekitaldiak uztartzen dituztenak. 200 bat haur hartuko dituzte aurten, pobrezia eta gizarte-bazterketa arriskuan daudenak eta bereziki koronabirusak eragindako krisiak egoera zaurgarrienean geratu direnak. Aurten, udako programak indartu ditu Bizkaian eta Araban, egoera zailenean dauden haurrei elikadura, laguntza ekonomikoa, hezkuntza-indartzea eta laguntza emozionala eman ahal izateko. Konfinamenduaren ondorioak ikusita, haurren artean kirol-jarduerak eta bizi-ohitura osasungarriak sustatuko dira batez ere. Ikastetxeak hilabeteetan zehar itxita egongo direnez, Save the Children erakundeak bereziki azpimarratu du aurtengo udan programa hauek duten garrantzia, egoera ahulean dauden ikasleen deskonexioa 'eragozteko' eta baliabide gutxien dituzten adingabeek aukera berdinak izan ditzaten bermatzeko.
Ikasturte osoan, Save the Childrenek batez beste 500 haur artatzen ditu Euskadin. Uda honetan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrekin jarduerak egingo dira interbentzioa ematen den hiru udalerrietan: Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen.
Barakaldoko udalekuak astelehenean jarri ziren martxan, eta BBK-k emandako laguntzari esker egiten dira, bi erakundeek batera garatzen duten Haurren Pobreziaren aurkako Programaren baitan. Jarduerak CRIA BBK-Save the Children Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroan egiten dira. 2019ko amaieran inauguratu zen zentro hori Barakaldoko Udalak eskuratu du. Udalekuen programazioak, ulertzekoa denez, gaur egungo egoeraren eskakizunetara egokitu da eta aurrez aurreko jarduerak zein aktibitate digitalak eskainiko ditu beste zenbait laguntza-neurrirekin konbinatuta.
Zentroan bertan egingo diren ekintzak protokolo zorrotz bati jarraiki egiten dira, osasun-agintariek covid-19aren pandemia zabaltzea saihesteko adierazitako higiene eta osasun neurri guztiak bermatzeko. Osagarri gisa, jarduera digitalak eskaintzen dira, batez ere hezkuntza indartzera bideratutakoak. Horrez gain, egunero janaria emango zaie parte hartzen duten haurrei, eta familiei 100 euroko diru-laguntza emango die haur bakoitzeko, Save the Childrenek apirilaz geroztik abiatutako laguntza-lerroari segida emanez.
Bilbon eta Gasteizen
Gasteizko udalekuak Udalarekin koordinatuta egingo dira. Datorren asteartean, ekainaren 30ean, hasiko dira eta astean behin aurrez aurreko jarduerekin osatuko den online formatua izango dute nagusiki. Save the Children erakundeak parte hartzen duen gainerako herrietan bezala, hiriko koloniak hamabostean behin egingo dira, eta abuztuaren 19ra arte iraungo dute. Bilbon uztailaren 1ean hasiko dira, aurrez aurre eta Bakuva Elkartearekin elkarlanean egingo dira.
«Uda oso zaila izango da haurrentzat eta familia ahulenentzat, beraiek koronabirusaren krisi ekonomiko eta soziala pairatzen ari baitira gehien», adierazi du Charo Arranz Euskadiko Save the Children erakundeko zuzendariak. Uda, tradizionalki, deskonexio handiko unea da, batzuetan «udako ahanztura» bezala deitua. Haur askorentzat baliabide eta errefortzu falta dakar, eta, aldi berean, aisialdi aberasgarria izateko aukerak mugatzen ditu, ingurune kalteberetan nekez eskura daitezkeenak. Haurren garapen integrala atzeratzeko eta eskola uzteko arriskua oso handia da, eta are handiagoa gaur egun, hiru hilabete baino gehiago ikastetxera joan gabe egon ondoren.
«Udako programak indartu ditugu baliabide gutxien dituzten haurrek denbora gehiagoz elikadura egokia izan dezaten, atari zabaleko jarduerez gozatu dezaten eta irailean ikasgeletara itzultzeko behar duten hezkuntza-laguntza jaso dezaten ere bai. Laguntza gehigarri hori funtsezkoa da familia askorentzat, eta etxe ahulenetako haurrak atzean gera ez daitezen lagunduko du», gaineratu du Arranzek.
'Zure Ondoan' programa
Aisialdi hezitzaile horren garrantziari dagokionez, Save the Childrenek Eusko Jaurlaritzari –hizkuntza indartzeko jarduerak sustatuko dituela oso positibotzat joz–, aldundiei eta udalei eskatu die udan hezkuntza eskaintza zabaltzeko, gaitasunak garatzeko edukia txertatzeko, kalitatezko aisialdiarekin batera, eta maila sozioekonomiko baxuko familien doako sarbideari lehentasuna emateko.
Koronabirusak eragindako larrialdia hasi zenetik, erakundeak 'Zure Ondoan' programa jarri zuen martxan. Programa horren bidez, pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden familia gehiago artatzen ditu, premia biziko elikagaiak eta ondasunak, hezkuntza-errefortzua eta laguntza psikologikoa emanez.
Liderra haurren eskubideen defentsan
SAVE the Children erakunde independentea da eta haurren eskubideen defentsan liderra da mundu osoan. 100 urte baino gehiago daramatza lanean, haur guztien biziraupena, ikasketa-eskubidea eta babesa ziurtatzeko. Gaur egun, erakundeak 120 herrialdetan baino gehiagotan jarduten du.
Euskadin, 15 urtetik gorako esperientzia du haur behartsuenei zuzeneko arreta ematen.
Espainian bezala, haur ahulenei arreta emateko programetan lan egiten du, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Erakundeak, gainera, haur migratzaileei arreta eskaintzen die, eta adingabeak indarkeriatik babestea du helburu. Jatorrizko egoera edo herrialdea edozein dela ere, haur guztiek beren eskubideez erabat jabetzeko eta ahalik eta gaitasun gehien eskuratzeko lan egiten du.