https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

2019, Blade runnerren urtea

Irudian, Harrison Ford eta Edward James Olmos aktoreak Ridley Scott zinemagilearen lanean./
Irudian, Harrison Ford eta Edward James Olmos aktoreak Ridley Scott zinemagilearen lanean.

Ridley Scott zinemagileak asmatu zuen zientzia fikziozko fantasia aurten kokatzen da

Felix Gerenabarrena
FELIX GERENABARRENA

Blade runnerren urtean gaude. Ridley Scott zinemagileak asmatu zuen zientzia fikziozko fantasia 2019an kokatzen da. Egia da Philip K. Dick nobelagileak 1968an argitaratu zuen 'Do androids dream with electric sheep?' izenburuko istorioa 1992an kokatuta zegoela. Haatik, Scottek eta bere ekoizpen taldeak askatasun poetiko hori hartu zuten, data atzeratzearena alegia, eta lagungarria izan dela esan daiteke. Horren arrazoi nagusia da fikzio zinematografikoak errealitatearekin alderatzerakoan izan zezakeen galera arriskua malgutu egin zela. 'Blade runner' erabateko klasikoa bilakatu zenez gero, fikziozko mundu horrek eskaintzen dizkigun hausnarketarako materialak aztertu daitezke.

Iain Hamilton Grantek horixe egin zuen 1996ko bere artikuluan, 'LA 2019: Demopathy and Xenogenesis, some realist notes on Blade runner and the human condition'. Hamiltonen ekarpena bi zatitan banatu daiteke. Hamiltonek 'Blade runner' pelikulako pertsonaia nagusiak pentsamenduaren historiako pertsonaia batzuekin parekatzen zituen. Esate baterako, beretzat, Deckard René Descartesen irudi bikoitza da. Aipatu behar da frantsesez izen bien artean (Deckard / Descartes) antzekotasun fonetiko nabarmena dagoela. Izenaz gain, badago antzekotasun funtzionala ere. Deckard androide-baztertzaile lanak egiten dituen polizia den arren, bere lanean erabiltzen duen oinarrizko tresna Voigt-Kampff metodologia psikoteknikoa da. Bestalde, Descartesen metodoan zalantzarik gabeko lehendabiziko pentsamendu batera iritsi beharra zegoen. Aldiz, Deckarden metodologia erabiliz lehendabiziko emozioak aztertzen dira, pentsamendua iritsi aurretik azaltzen direnak. Bere metodoa aplikatzeko Deckardek begietan islatzen diren behin-behineko erreakzioak jasotzen ditu, eta badakigu, Martin Jayk 'Downcast eyes' bere liburuan modu argian azaldu zuelako, arrazionalismoaren erretorika begien gainean sortzen diren metaforez osatuta dagoela.

Battyk ez du bere existentzia bukatutzat eman nahi itzaltzeko ordua hurbiltzen denean

Jayk aipatzen zuen XX. mendean hizkuntza argitsu horri aurre egin zion joera nagusitu zela. Erreakzio horren ordezkarietako bat Georges Bataille da eta Iain Hamiltonek bere artikuluan, Deckarden aurkari nagusia, Roy Batty, Bataillerekin parekatzen du. Beraz, azalpen interesgarri horri jarraituz, esan daiteke pentsamenduaren historian jarrera kontraesanguratsuak mantendu dituzten pertsonaiak fikziozko aurkariak edo antagonistak bilakatu zituela 'Blade runner'ek.

Battyk gorputz-adarrez arduratzeko duen joera (gogora dezagun begien laborategia bisitatzen duen eszena) eta pelikularen azken zatian bere burua nola zauritzen duen ikusirik, Bataillekin izan dezakeen antzekotasuna justifika daiteke. Hirugarren pertsonaia nagusiaren izenak ere izan dezake esanahi bikoitza. Rachael, androide malenkoniatsuak bere gain sentitzen du planetak duen antolakuntza. Mundu hori izaki anitzen klasifikazioak arautzen du. Gizakiak eta androideak bereizi behar dira. Animaliak eta 'bereziak' ere beren lekua dute taxonomiak agintzen duen 'ordena' horretan. Klasifikazio horren arabera izaki batzuk baztertuak (erailak) izan daitezke, beste batzuk beren eskubideak mugatuak dituzte. Beraz, klasifikazio horrek arrazakeriazko printzipio bat eguneratzen du, gizarte-ordena izaerazko diferentzian oinarritzen delako. Hori dela eta, Rachael izena ingelesezko racial (arrazazkoa) hitzarekin alderatu daiteke, arrazazko ezberdintasun krudelaren sinboloa bilakatzen baita.

Pertsonaia nagusiak pentsamenduaren historiako pertsonaia batzuekin parekatzen dira

Ridley Scotten pelikulak doinu enigmatikoa azpimarratzen du plano askotan: laranjazko zeruertz mugagabeetan, Tyrell korporazioaren nagusia bizi den egoitza neoarkaikoan edo etengabeko euripean azken eszenan murgiltzen den eraikinean. Azken honek 'Hades' edo azpimundua gogorarazten du. Zinemagintzan Marcel Camusen 'Orfeo beltza' pelikularekin du ukipuntua eta baita Wojciech Has zinemagilearen 'Sanatorium pod klepsydra' pelikularekin. Nolanahi ere, Roy Battyren jarrera da enigma horiek guztiak bateratzen dituen elementua. Batty androidea da, baina androide berezia, zeren erabaki baitu androide bati dagokion patua, hots, lau urteko biziraupena izatea, ez dela onargarria. Muturreko esperientziak bizi izan dituen androide honek, gizakiek imajinatu ere ezin ditzaketenak, Battyk ez du bere existentzia bukatutzat eman nahi. Antsietatea sentitzen du itzaltzeko ordua hurbiltzen denean.

Psikopatologia

Antsietate hori, eguneroko bizitzaren psikopatologiarekin lotu daitekeena, oso humanoa da. Gogorarazten du Woody Allenek 'Annie Hall' filmean kontatzen zuen txistea: Bi emakumezko bazkaltzen ari dira jatetxe batean eta bata kexu da zein txarra den janaria. Bigarren emakumeak iritzi hori baieztatzen du eta gehitzen du gainera, errazioak oso txikiak direla. Battyk duen beste ezaugarri humanoa da aurkari izatetik laguntzaile izatera bilakatzen dela. Jarduera horrekin Battyk mitologia klasikoan oso ezaguna zen 'therapon' edo ordezkoaren lekua hartzen du. Hau da, gerrariak beren antzeko bati lotuta azaltzen ziren eta gerrari haren lekua bete behar zuen bietako batek heriotza aurrez aurre zuenean. Hortik dator 'terapia' hitza, gaitza baztertzeko bitarteko bat jartzen delako (terapeuta). Beraz, Batty Deckarden aurkari izatetik 'therapon' edo heriotzan ordezko izatera pasatzen da.

Azkenik, 2019an, Blade runnerren urtean, Battyren antsietatea, bere biziraupena gizakiena baino laburragoa dela jakitean, Yuval Noah Harariren planteamenduekin lotu daiteke. Noah Harariren azken ideien arabera humanitatea bi multzotan banatuko da: teknologiari esker berrehun urte bizitzera iritsiko direnena eta azpi-kasta bat, abantaila teknologikoetatik aldenduta biziko direnena. Noah Harariren ustez, azken hauek berrogeita hamar urteko biziraupen mugatua izango dute. Noah Harariren planteamenduetan zalantzazkoena izaten da etorkizunari buruzko baieztapen borobilak emateko joera duela.

Teknologiak gizartea zatitzeko arriskua eguneratzen badu, erakundezko erantzunak joera hori baldintzatu beharko du. Guztien onean oinarritutako akzioak konpentsatu beharko du bere kabuz diskriminatzailea bilakatu daitekeen hazkunde desorekatzailea.