Sherpa harrigarriak

Viernes, 16 de octubre 2020, 19:13

1997an izan zen. Everest erraldoira hurbildu ginen lehen aldiz. Hasiberriak ginen himalayismoan eta Nepaleko lagunek lan handia egin zuten gugatik. Hantxe izan genuen Solo-Khumbu bailarako sherpa etniako morroiekin lehen kontaktua. Inpresioa ematen zuten. Apalak ziren oso, baina indar izugarriaren jabe ziren. Sherpek karga handiak kargatzen zituzten eta beti ibiltzen ziren lanerako prest, alai.

Publicidad

Hantxe ezagutu genuen Ang Rita Sherpa, zoritxarrez duela egun batzuk hil egin den sherpa historikoa. Errespetuz begiratzen genion kanpamentu nagusitik paseoan zebilenean. Sasoi hartan hainbat aldiz igota zuen Everest mendia, bai eta beste zortzimilako batzuk ere. Guztira hamar aldiz igo zuen oxigeno barik munduko mendirik altuena. Irudi mitikoa da berea, hego-tontorretik gailur printzipalera doan ertz zorabiagarritik eskuak poltsikoan zeramatzala, paseoan balego legez, zeharkaldi arriskutsua egiten.

Ohi den moduan, bere hasiera kasualitatezkoa izan zen. Gaztetan laboraria zen, bere familia guztia bezala, eta Tibet eta Nepal artean bidaiak egiten zituen hainbat produktu saltzeko eta erosteko. Horren ostean, oraindik gazte zelarik, zama-eramaile hasi zen lan egiten, herri askotako gazteek egiten zuten lan hura, dirua erraz irabazten zen eta lan gogorra bazen ere, etxeko ekonomiari lagungarria zen diru-sarrera hura. Gero, beste askori gertatu zitzaion bezala, botak ipini eta altueran garraioak egiten hasi zen. Azkenean mendebaldeko espedizioetako alpinistentzat lanean hasi zen, eta hortik etorri zitzaizkion igoera deigarri haiek guztiak.

Ang Ritaren argazki berri.a

1983an gailur mitikoa zapaldu zuen lehen aldiz, eta azkena 1996an izan zen. Duela 20 urte lan gogorrari adio esan zion, ia hogei mendi digante eskalatu ostean.

Diodan moduan, duela gutxi hil da, eta horrekin batera, garai bateko sherpen irudia ere joan zaigu. Gaurko sherpak gazteagoak dira eta mobilarekin dabiltza tai gabe, inolako jaramonik egin gabe. Dena arinegi aldatu da.

Publicidad

Ang Rita ezagutzeaz aparte, beste figura batzuk ezagutzeko abagunea izan dut inoiz. Adibidez, Babu Chiri Sherpa. Horrek Everest mendia igo zuen ia 16 ordutan, eta gainera lo egin zuen puntaren puntan. Gero hamar aldiz ere igo zuen Everestera. Tartean ere, Kangchenjung Shisha Pangma edota Cho Oyu igo zituen makina bat aldiz. Nik Everesteko bigarren kanpamentuan ikusi nuen. Zapatila batzuk jantzita, porteoak egiten zituen arineketan, guztiok aho bete haginez utzita.

Everesteko kanpamentuan ere Pertemba ezagutu nuen. Chris Bonington handiak kontratatu zuen 1975an Everesteko hego-ekialdeko hormari erasotzeko. Pertembak Peter Boardmanekin batera zapaldu zuen tontorra. Harritu zen, ni bezainbeste, bere izena eta curriculuma adierazi nizkionean. Ezagutzen nauzu? -esan zidan. Pertemba sherpa, mitikoa zen.

Publicidad

Horiek bezalako beste izen handi asko daude: Kami Rita sherpa, Pasang Lhamu eta Lakpa sherpa (emakumeak), Mingma sherpa, Chhang Dawa sherpa, edo Sanu Sherpa. Guztiek makina bat aldiz igo dituzte handienetan handienak, eta batzuek urrezko hamalauak igo dituzte, eta ondorioz, prestigiodun zerrendan sartu dira.

Sherpak, haiek gabe ez zen himalayismorik izango.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad