Pakistango uda, K2 mendia protagonista berriz
Pakistango zortzimilakoak udan bisitatzen dira, Nepalekoekin agitzen ez den bezala. Ekainean eta uztailean hara joaten dira espedizio guztiak altuerarik ederrenetako gailurretan oina jartzeko eta bertatik munduaren gaineko beste ikustaldi harrigarri bat poltsikoratzeko.
Publicidad
Aurten asmo bera izan zuten K2 mendira abiatu ziren askok, baina beste alpinista batzuk bertan izandako tragedia ilunean argitasun pixka bat jartzeko abiatu ziren Baltoro haranera. Gogoratuko duzuenez, Chogori mendian, Ali Sadpara, Juan Pablo Mohr, eta John Snorri alpinistak otsailaren 5ean desagertu ziren, menditzarra neguan igotzen saiatzen ari ziren bitartean.
Hura bigarren neguko eskalada izango zen Nirmal Purja, Mingma David Sherpa, Mingma Tenzing Sherpa, Geljen Sherpa, Pem Chiri Sherpa, Dawa Tempba Sherpa, Mingma G, Dawa Tenjin Sherpa, Kili Pemba Sherpa eta Sona Sherpak osaturiko taldeak egindakoren ostean.
Gertatutakoa argitzeko, eta batez ere gorpuak aurkitzeko helburuz abiatu zen mendi itzelera Ali Sadpara alpinista indartsuaren semea den Sajid Ali Sadpara. Berarekin Elia Saikaly zinemagile kanadiarra ere batu zen.
Egun batzuk gorako ekinaldian aritu ostean, hiru alpinisten gorpuak topatu zituzten. Juan Pablo Mohr txiletarrarena oso behean zegoen, IV kanpamenturik hurbil, eta Ali Sadpara eta John Snorri mendizaleenak ostera oso goian, ia 8400 metrotan.
Publicidad
Arin agertzen dira galderak? Erori ziren? Hotz izugarriak akabatu zituen gailurra behin zapalduta? Trantze latz horretan JP txiletar indartsuak adorea bildu zuen aurrera segitzeko eta kanpamentutik hurbil hil zen? Ez dakigu. Seguruenik, bertan topatu diren proba guztiekin korapiloa askatuko dute.
Gorpuak bertan lurperatu zituzten (elurrarekin estali) eta kokapena erregistratu zuten balizko erreskate bat etorkizunenean egingo balitz. Lan horretan guztian ere hara joandako sherpa talde bata aritu zen eta horiei esker ere gauzatu zen. Betiko legez, sokak jarri zituzten eta goiko kanpamentuak ederki hornitu zituzten. Sherpak, alpinistarik indartsuenak direla berriz frogatu da.
Publicidad
Alex Txikonekin Nanga Parbateko gailurra neguan zapaldu eta gero Bilbora etorri zenean ezagutu nuen Ali. Lehenaren etxean apopilo izan zen Simone Mororekin eta hantxe aritu nintzen zerbitzari afariak egin behar zirenean. Gomutan dut oso pertsona apala eta jatorra zela, irribarre errazekoa eta alaitsua.
Juan Pablo Mohr hobeto ezagutu nuen, Manaslu mendiak batu gintuen udazken batean. Hasieratik sortu zen gure arteko konexioa, eta barre algara ederrak egiten genituen kanpamentu nagusian zein goiko maldetan neka eginda geundenean.
Publicidad
Indar handiko mutila zen, eta duela bi urte Everest eta Lhotse kateatu zituen kanpamentu nagusira jaitsi gabe. Erakustaldi bikaina eta boteretsua egin zuen mendirik altuenean, motibazio ikaragarria baitzuen, eta argi eta garbi ikusten zen Himalaiako handienen zerrenda erraz erdietsiko zuela.
Orain desagertuak agertu dira eta familiak lasai (esateko modua da) egin dezake lo.
Baina tragedia horrek ez zuen dena ilundu eta alpinista batzuk saio bikainak egin zituzten. Aipagarria da Hugo Ayaviri boliviarrak Broad Peak eta K2 mendietan egindako oxigenorik gabeko igoaldia, gailur batetik bestera hamar egunetan burutu baitzuen lana.
Publicidad
Beste saiakera eder bat Ian Welsted eta Graham Zimmerman alpinistek adostu zuten bertako mendebaldeko ertza igotzeko, baina eguraldiak ezarritako baldintzak oso arriskugarriak ziren eta atzera egin zuten.
Baldintza horiek baina, ez zituzten Rick Allen, Jordi Tosas eta Stephan Keck hirukotearen gogoa ahuldu eta hego-mendebaldeko horman sartu ziren. Elurrolde izugarri batek harrapatu zituen eta zoritxarrez Rick Allen alpinista isila eta ahaltsua hil zen.
Noticia Patrocinada
Rick Allenekin batera (eta beste lagun batzuekin ere) Gasherbrum I eskalatu nuen, baina horrek beste idazlan bat merezi du.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión