K2ko eskalada epika (II)
Tadeusz Piotrowskirentzat bere lehen zortzimilakoa izan zen. Munduko bigarrena igo zuen mendi hark zuen bide zail eta gogorrenetik. Mirakulua izan zen. Alpinista betea zen hura.
Publicidad
Baina ez zegoen denbora galtzerik. Gauzak utzi zituzten tokira heldu zirenean gaua zen. Buruko argiaren pilak aldatzean eskuetatik ihes egin zuten, eta gaua ilunago bilakatu zen. Ez zegoen inora joaterik eta bertan egin zuten beste bibak bat, 8.300 metrotan. Gaua hotzegia izan zen eta dar-dar batean pasatu zuten elkarri besarkaturik.
Hurrengo eguneko lainoa lodia zen, eta ez zuten ezer ikusten. Alderrai ibili ziren, kezkaturik, neka-neka eginda, harik eta soka zahar bat topatu zuten arte. Egun oso bat eman zuten terreno hartan erdi galdurik, gora eta behera bide egokia topatu nahian. Gauean esposizio gutxiagoko zonalde batera heldu ziren. Baina ez zeukaten argirik, eta ezin zuten ezer ere ikusi. Hortaz, laugarren bibaka egin zuten.
Hurrengo goizean bide egokia topatu zuten azkenean, baina elurraren baldintzak aldaturik zeuden. Izotza zen nagusi. Malda berriz handitu zen, eta Tadeuszek soka galdu zuen. Jerzy Kukuczka kontu handiz jaisten ari zen, eta bat batean kranpoi bat jausten ari zela ikusi zuen. Pixka bat geroago bigarrena, eta orduan inoiz espero ez zuena gertatu zen. Tadeusz Piotrowskik laban egin zuen izotzean eta bertan lotuta gelditzeko senperrenak egin bazituen ere, maldan behera amildu zen betiko. Kukuczkaren ondotik jaustean «Jureeeeeeeeeek» egin zuen oihu, eta gero ezer ez. Betiko isiltasuna.
«Pioleta elurretan gelditu zen, jausi egin zen, eta ezin izan zuen besterik egin. Instintiboki bera geldiaraztea pentsatu nuen, eta golpe handi bat sentitu nuen. Berarekin jaustekotan izan nintzen. Behera begiratu nuenean, ehun metro beherago, malda amildegi batean amaitzen zen, eta han zegoen Tadeuszen azken urratsa. Behera segitu nuen, banekien bila aritzeak ez zuela ezertarako balio izango».
Publicidad
Jerzy Kukuczka 7.300 metrotan zeuden dendetara heldu zen demakraturik, eta han jan era edan ahal izan zuen. Lokartuta gelditu zen, eta 20 orduz egin zuen lo. Bertatik, radiotelefono baten bidez albiste txarra ematen saiatu zen. Uztailaren 11n beherantz jarraitu zuen, eta hurrengo egunean kanpamentu nagusira heldu zen, handik irten eta hamar egun beranduago.
Izozketak ekarri zituen goitik, eskuetan eta hanketan, eta lagun bat galduta zuen K2ko pendizetan. Betiko.
Urte hartan, 1986an, tragedia handia korapilatu zen K2 mendiaren magalean. Abuztuaren 6tik 10era, bost mendizale hil ziren ekaizpean, Alan Rouse, Dobroslawa Wolf, Jullie Tullis, Willi Bauer, eta Alfred Imitzer. Sasoi hartan ere beste zortzi hil ziren, haien artean Maurice eta Lilliane Barrard, eta Renato Casarotto.
Publicidad
K2ak korapilo infinitua izaten du beti.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión