Hong-bin Kim alpinistaren bizitza eta heriotza
Zoriontasunaren atzean beti zabal daiteke itzala. Mendian, poztasunezko albisteekin batera bestelako tristurak zabaltzen dira askotan.
Publicidad
Aurten, Karakorumen hainbat espedizio aritu dira jo eta su gailur altuenaren bila. Gasherbrum eta Broad Peak mendietan igoaldi ederrak burutu dituzte zenbait alpinistak. Argazkiak ikusi orduko beti sortzen da bozkariozko sentsazio hori, erronkaren lorpenarena. Gailurrera heldu zara eta hor zure ametsa bete duzu. Bete-betea sentitzen zara bake eta indar horrekin. Baina espedizioa ez da inoiz hor amaitzen, oinarrizko kanpamentura heltzean esan liteke benetan goiko lana eta arriskua bukatu direla.
Orokorrean jaitsieran gertatzen dira istripu guztiak, indarrak flakaturik dira, eta nekeak zure gorputz osoa hartu du. Orduan edozein akats arazo handi bilaka daiteke, eta are txarrago altuera horretan, noski!.
Bada, horixe gertatu da Broad Peak mendian azken egunotan. Alpinista batzuk oso berandu heldu ziren gailur eder hartara, eta jaisterako orduan arazoak izan zituzten. Istripurik larriena Hong-bin Kim koreako alpinistak izan zuen pitzadura batean erorita. Azken iturrien arabera, erorketaren erruz hilda topatu dute mendizalea.
Hong-bin Kim 7.800 metroan zegoen istripua jazo zenean, oso altu beraz, emergentziazko talde baten inolako laguntza jaso ahal izateko. Eta kontua oso tristea da, izan ere, alpinistak hamalau handienen zerrenda osatu zuen goiz horretan Broad Peak mendiarekin, eta gainera beste datu bat eman behar dugu: Hong-bin Kimek beste istripu larri bat izan zuen aspaldi batean Denali mendian eta bi eskuak galdu zituen izozketen ondorioz, hortaz, 8000 metroko mendi guztiak igotzen lehen desgaitua izan da.
Publicidad
Traba hori eduki zuen arren, Joku Paralinpikoetan parte hartu zuen eta makina bat titulu irabazi zituen kirol espezialitate ezberdinetan. 2006an eskalatu zuen bere lehen zortzimilakoa. Urte hartan, Gasherbrum II eta Shisha Pangma igo zituen. 2007an handienetan handiena zapaldu zuen, Everest. Igoera horrekin protagonismo handia hartu zuen. Geroago, 2009an, Munduko kantinenetako zazpi gailurren zerrenda osatu zuen, eta horren ostean, zortzimilako guztiak zapaltzeko deliberoa hartu zuen.
Pandemia heldu baino lehen ekin zion azken txanpari eta Annapurna (2018) eta Gasherbrum I (2019) bere azkenak izan ziren. Broad Peak baino ez zuen faltan, eta aurten 2021ean lortu du, baina diogun bezala, amaiera tragiko batekin.
Publicidad
Hong-bin Kim munduko gailurrik altuenak zapaltzen 44. alpinista izan da, eta Young-seok Park (2001), Hong-gil Um (2001), Wang-yong Han (2003), Jae-soo Kim (2011) eta Chang-ho Kim (2013, oxigenorik gabe) bere herrikideen atzean idatzi du bere izena.
56 urte zituen, eta ikusten denez, mendiarekiko grina ahaltsua.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión