Dougal Haston Hillary Step eskalatzen, Everesteko gailurrera iritsi aurreko azken zailtasun teknikoa.

Everest hego-mendebaldetik

Jueves, 14 de octubre 2021, 01:47

Beti izan dut gomutan irudi zoragarri hori. Dougal Haston, ilunabarra hurbiltzen ari zela, Hillary Step izenekoan pioletarekin malda ia bertikalean urratsa zabaldu nahian, geroago, Everesteko gailurrera heltzeko. Soka ia ikusezin batek Doug Scott soka-kidearekin lotuta zeukan.

Publicidad

Elurrez kargaturik zegoen tarte hori, udaberrian ez bezala harriak elur artean loratzen direnean, eta dezente borrokatu behar izan zuen elementu zuriarekin gorantz segitu ahal izateko.

Argazki hori bezain ederra gailurrekoa da. Doug Scott puntaren puntan plantaturik zegoen tripodearen ondoan agertzen da, lasai, zutunik, neke aurpegirik gabe. Chomolugmaren itzal handia bere gibelean luzatzen da, ia infiniturantz, neurririk gabeko espazio zabal bat koloreztatuz.

Berak ele hauekin deskribatu zuen abagune hura: «Beti gogoratuko dut han egotea, ordu horretan, ilunabar ikaragarriarekin. Eguzkia hodeietan zehar filtratzen zen, eta beren hariak eztanda egin eta urrundu egiten ziren. Azkenean eguzkia ostendu zen, eta handik ospa egitea onena zela pentsatu genuen. Hillary Step-etik jaitsi ginen, buruko argiak huts egiten hasi ziren, eta gero, gau hura hantxe pasatu genuen.»

Irailaren 24an, baina duela berrogei eta bat urte, Doug Scott eta Dougal Haston Everest mendia eskalatzen lehen britaniarrak bilakatu ziren. 1975eko espedizio hura Sir Chris Boningtonek gidatu zuen eta lehen aldiz kurritu zuen hego-mendebaldeko bertikaltasun hura, lehenago ere makina bat saio pairatu behar izan zuena.

Azken erpineraino heltzeko ordu dezente eman zuten eta ezin izan zuten azken kanpamentura heldu. Hortaz, 8.750 metroan, hego gailurraren azpian zegoen kobazulo batean gaua pasatu zuten. Garai hartan egin zen bibak altuena. Onik atera ziren esperientzia hartatik, ia heroi bihurturik.

Publicidad

Joan den urtean, abenduan, Doug Scott joan zen mundu honetatik, agian ilunabar ikaragarri baten atzetik, betiko.

Dougal Hastonek ere mendi ikaragarriak igo ostean (Annapurnan linea berri bat eta Changabang (6.864 m) mendiaren lehen igoaldia) modurik esperogaitzenean desagertu zen. 36 urte zituenean, Leysin (Suitza) herrian zeukan etxetik hurbil eskiatzen ari zela, elurrolde batek harrapatu zuen, eta bertan zendu zen.

Diogun bezala, joan den urtean bete ziren igoaldi haren 40 urteak.

Edozein zaldik baino arinago ihes egiten du denborak, baina une hartako argazki haren koloreak ez dira oraindik difuminatu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad