Baltistan Fundazioak 20 urte bete ditu
2000ko uztailaren 28an, Gasherbrum II mendiko tontorra zapaldu eta gero, Felix Iñurrategik laprast egin zuen jaitsieran, eta zorigaiztoko istripua izan zuen. Handik denbora batera Alberto anaiak dei bat jaso zuen Pakistanetik. Bestealdean Rustam zegoen. Anaiaren izena jarri nahi zioten Hushe aranean altxatzen ari ziren aterpeari. Gero 2001ean, Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa sortu zen.
Publicidad
Handik hona urte asko pasa dira eta Baltistan Fundazioa ere handi egin da, eta orain 20 urte bete ditu. Joan den urtean WOP-The Walk On Project 2020 saria jaso zuen entitate horrek BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren barruan. Garaikur horrek mendizaletasunaren giza-balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu, tartean ere honako balioak: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana; fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; mendi, eskalada eta muturreko kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea… Azken finean, mendiarekiko bizi-pasioa saritzen du.
Beraiek dioten moduan, Baltistan Fundazioa nazio arteko lankidetzako GKEa da, Pakistaneko Karakorum mendi lerroan, Baltistanen, eskuarki Hushe Ibar urrutiko komunitateetan bizi diren pertsonen giza garapen integral eta endogenoaren alde lan egiten duena. Bertan daude, nola ez, gure lagunak diren ekintzaile amorratuak: Shamshair Alí, Ibrahim Akhon, Rustam Alí eta Ibrahim Rustam.
Bertako biztanleentzat beharrezko azpiegiturak eraikitzeaz gain, bertako neskatilei eta emakumeei ahalduntzeko bidea erakusten zaie euren gaitasunak garatzeko eta lantzeko, «neska-mutikoek jasotzen duten hezkuntzaren hobekuntzaren alde eta ibarreko osasun zerbitzuen hobekuntzaren alde lan eginez, biztanleen ezagutzak eta gaitasunak areagotuz eta garapen sozioekonomikoa areagotzeko pertsonen gaikuntza bultzatuz».
Berezia eta garrantzizkoa da batez ere, bailarako emakumeen alde entitate horrek burutzen duen lana. Felix Baltistan Fundazioaren Generorako arduradun Sarai Martin adituak diotenez, «Emakumeek oztopoz beteriko bizitza daramate eta ezin dute aurrera egin haien autonomia eta heziketa pertsonalean. Goizeko lauretan altxatu eta gelditu gabe aritzen dira lanean gaueko hamarrak edo hamaikak arte. Haien atazak hauek dira: familiaren zaintza (senarra, seme-alabak eta pertsonak edadetuak barne etab.), etxeko lanak, esaterako, kuzinatzeko egur eta ur bila joan, errekan garbiketak egin, jakiak lortu etab.), landako lanak (ordu asko ematen dituzte ereintzan eta gari uzta biltzen); finean, familiaren bizitzaz eta nekazaritzaren mantentze lanez arduratzen dira. Horrek ekartzen die beraientzat astirik ez izatea eta osasunean hutsune handiak. Tokiaren garaierak eta klimatologiak nekazaritza zailtzen dute, horregatik, energia berriztagarrien erabileran, negutegietan, kontserbazio ikastaroetan eta abarretan lan egiten ari da, baliabide eskasei etekin onena ateratzen ikas dezaten. (…) emakumeen ahalduntze eta genero ekitatearen inguruko proiektuen inbertsioa behar-beharrezkoa da, gizarte osoaren baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak hobetzeko ez ezik, osoko hiritargoa lortzeko ere. Justizia soziala eta giza eskubideen kontua da».
Publicidad
Mendiarekiko pasioak mugarik gabeko elkartasuna sortu zuen behin bi herrialderen artean, Euskal Herria eta Pakistan. Elkartasun horrek lehortuko ez den fruitua eman du.
Fundazioaren gaineko informazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue: https://www.baltistan.eus/eu
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión