'Ni(k) inoiz ez' kanpaina martxan, Bizkaiko gazteen artean harreman osasuntsuak sustatzeko
BBK Pact-en denboraldi berrian, Bilboko Emakumeen Plazan ispilu-labirinto bat ikusgai dago, harremanetan normalizatu beharko ez liratekeen jokabideei begiratu eta horiei buruz hausnartzera gonbidatzen duena
Martes, 16 de septiembre 2025, 19:49
Bilboko Emakumeen Plazan irailaren 21era arte ispilu-labirinto bat dago ikusgai, 'Ni(k) inoiz ez' da kanpainaren izenburupean. Nerabeen joko ezagunari dagokio eta harreman pertsonaletan inoiz onartu beharko ez litzatekeenari buruzko hausnarketa kolektiborako tresna bihurtu dena hemen. Izan ere, zenbat aldiz entzun ditugu honelakoxeak: 'Nik inoiz ez dut taldeko inor baztertu ezinikusiagatik', 'Nik inoiz ez ditut kontrolatu nire bikotekidearen 'like'ak parrandan atera ostean', 'Nik inoiz ez dut pentsatu jeloskortasuna maitasuna dela', 'Edo bai?'. Horiek dira BBK-k gazteei 'Ni(k) inoiz ez' ekimenaren sentsibilizazio-kanpainaren barruan egiten dizkien itaun edo galderetako batzuk.
Zaintzan, askatasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzen dituen komunitatea da BBK Pact, gazteei benetan axola zaienaz epaitu barik berba egiteko leku segurua eskaintzen diena. Helburua ez da seinalatzea edo akusatzea, baizik eta autopertzepzioaren, taldearen, maitasunaren eta sexuaren inguruan interpelatzea, beren buruari galdetu ahal izateko ea benetan esan ote dezaketen «nik ez dut inoiz horrelakorik egiten edo pentsatzen».
Gazteek ispilu-labirintoan beren buruari begiratu ahal izango diote, hitzez hitz eta metaforikoki, beren harremanetan normalizatu gura ez dituzten jokabide eta egoerei buruz hausnartzeko. Nora Sarasola BBK Banku Fundazioko Gizarte Ekintzaren zuzendariaren esanetan, «BBK Pacten lehen denboraldiko emaitzek benetako beharrizan bati erantzuten ari garela berretsi digute. Ehunka gazte ikusi ditugu interesez parte hartzen, hausnarketan murgiltzen eta harremanak zelan nahi dituzten adosten. Esperientziak erakutsi digunez, gune segurua eta dibertigarria eskaintzen zaienean, epairik eta erretolikarik gabea, nerabeek hitza hartzen dute eta normalean ezin dutenaz ‒beren nortasunaz, harremanez, afektuez, sexuaz, adiskidetasunaz edo norberaren mugez‒ berba egiten dute, normalean ez baitute non eta norekin partekatu gai horiek».
Bestalde, Koldo Bilbao Kultura eta Pertsonen arduradunaren ustez, sentsibilizazio-kanpainaren bidez «eguneroko jarrera xumeei buruzko galderak egiten dizkiegu, eta horien erantzuna 'Bai, hori nik egin izan dut noizbait' izan daiteke; izan ere, deserosotasun-, zalantza- eta hausnarketa-une txiki horretan hasten da BBK Pacten lan emozionala».
Hurrengo hitzordua, hackatoi bat Bilbon
Lurralde osoan gero eta gazte gehiagorengana iristeko asmoz, bere bigarren BBK Pact delakoan parte hartzeko formatu berriak aztertuko ditu. Guztira, bost hackatoi ibiltari, ekitaldi irekiak eta ordu gutxiko iraupena dutenak egingo ditu Bizkaiko hainbat udalerritan.
Lehenengo hitzordua urriaren 18an izango da Bilbon, eta izenburua 'Bere buruaren iragazki izatea' du. Bertan parte hartuko dute eremu digital eta antzerki-eremuko erreferenteek (Lova Lois, Kai Nakai, ...), Nerea Elizalde, Getari Etxegarai eta Egoitz Sánchez aktoreek. Jardunaldiak iragazkietatik eta itxuretatik harago begiratzera bultzatuko ditu gazteak, sareetan zelan agertzen diren zalantzan jartzeko eta sareetatik kanpo ere harremanak izateko modu benetakoago eta ahaldunduagoak topatzeko.
Gainera, Bizkaiko aisialdi-ingurune batean gazte eta nerabeekin lan egin eta programa honetan interesa duten kirol eta astialdiko erakunde eta eragile guztiek eska dezakete informazioa proiektuak@bbk.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.
BBK Pact 2023an sortu zen, Bizkaiko 15 eta 17 urte bitarteko gazteen artean komunitatea sortzeko asmoz. Harreman hobeak izateko, axola zaienaz epaitu barik berba egiteko eta beren loturak eta afektuak zelakoak izatea gura duten hitzartzeko tresnak eskaintzen dizkie programak. Orain arte, 257 gaztek parte hartu dute programan, eta saio dinamikoak egin dira talde txikitan.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión