Sariak, bi aldiz hobe
Literatura sarietan gertatu ohi den egoera bati buruz gogoeta jasotzen da jarraian: irabazle errepekituen gaiaz, hain zuzen ere
Jon Kortazar
Viernes, 10 de junio 2016, 12:41
Hasi da Sarien urtaroa. Asturiaseko Printzesaren Sariak izan ohi dira lehengoak. Times Literary Supplementeko argitaratzailea den Mary Beard historiagileari eman diote Gizarte Zientzietakoa.
Gurera etorriz, laster deituko dira Euskadi Sariak eta jada bidean dira Gipuzkoako Kutxak antolatzen dituen Donostia Hiria Literatura Sariak. Gauza jakina dugu literatura sariak zalantzan jarrita daudela euskal literatura sisteman, nahiz eta, sorginak bezala, egon badauden, izena dutenez gero.
Ez nuke gaur malda arriskutsuetan gora joan nahi eta literatura sistemetan gertatu ohi den egoera bati buruz hitz egin nahi nuke: irabazle errepikatuen gaiaz. Jose Manuel López Gasenik behin baino gehiagotan gogoratzen du literatura sistema txikiek badituztela ezaugarri bereziak, ez direnak hain garbiak sistema handietan. Berak adibide bat jartzen du gai horretaz hitz egiten duenean: literatur generoen tokia sisteman. Literatura nagusietan badira genero batzuk mugetan edo bazterrean ageri direnak, nobela poliziakoa edo haur eta gazte literatura. Genero bi horiek, aldiz, sistema txikietan, eta batez ere euskal literaturan askoz ere gunetik hurbilago ageri dira. Horrela gerta-tzen da eleberri poliziakoarekin gure artean, eta zer esanik ez, haur eta gazte literaturarekin ere, neurri handi batean argitaletxeen harrobi ekonomiko nagusia, eskola liburuekin batera.
Ezaugarri bereziekin jarraituz, badirudi sistema txikietan zenbait idazlek sariak behin eta berriro irabazteko gaitasuna dutela. Irabaztea, bi aldiz bada, hobe. Ez da hori gertatzen sistema handiagoa denean. Espainiako Eleberri Sari Nazionalean oso izen gutxi errepikatu dira: Luis Mateo Díez (1987an eta 2000n) eta Antonio Muñoz Molina (1988an eta 1992an). Kasu desberdinak dira. Luis Mateo Díezek Leongo eskolako maisu nagusia da, eta akademikoen artean kanoneko partaide ospea du. Muñoz Molinak Trantsizioko Kultura deitu izan zen fenomenoaren sinbolo bihurtua da. Kasu bakarrak dira, zeren poesian ez da errepikapenik gertatu, ezta saiakeran ere. Eta literatura dramatikoan ez dago bi aldiz irabazi duen egilerik, nahiz eta generoan Paco Nieva, Alfonso Sastre, Sánchez Sinisterra eta Fernando Arrabal gisako egile ospetsuak ageri zerrendan.
Euskadi Sarietan saridunen izenak jarraituz gero, desberdina da kontua. Alde batetik, Sariak hainbat aldaketa izan ditu bere historian zehar eta badirudi geldirik ez dela lotu. Horregatik ezin da konparaketa era zuzenean egin: urte batzuetan, argitalpen ederrak saritu ziren; inoiz antzerkia eta kontakizun laburra, beste batzuetan itzulpena eta saiakera indartu dira, beti kontakizuna eta poesia kontuan hartu direlarik, ondoren euskarazko literatura sari bakarra ematea hobetsi da, generoak kontuan hartu gabe, eta generoen arteko nahasketak, eta mahaikoen paradoxa-joera indartuz. Nola konparatu eleberri bat eta poema liburu bat? Dena dela izenak errepikatu egin dira, batez ere euskaraz. Eta ez diot Bernardo Atxagaren kasuagatik, zeren Obabakoak liburuak 1989an jaso zuenetik, berriz ez du Euskal literaturaren saria jaso Nevadako egunak argitaratu den arte. Tartean, haur eta gazte literatura eta gaztelerazko saria jaso ditu. Ez, ez da Bernardo Atxaga Euskadi Sari gehien irabazi duena.
Genero desberdinak
Izenak hurrenez hurren emanez gero, oso kontuan hartu beharko genuke Anjel Lertxundi, Sariaren lehen irabazlea, bitan saritua (1983, 1999). Zerrenda arin batean saiakeran oso estimatua izan da Joxe Azurmendi (hiru sari), itzulpenean Juan Garzia, haur eta gazte literaturan Miren Agure Meabe eta Patxi Zubizarreta. Poesian eta eleberrian Patxi Ezkiaga (lau aldiz saritua). Ramon Saizarbitoriak, Jokin Muñozek, Harkaitz Canok osatzen dute sarituen gune gogorra.
Badira euskal idazleak batean baino gehiagotan irabazi dutenak baina literatur genero desberdinak landuz: Yolanda Arrietak antzerkian eta haur eta gazte literaturan lortu ditu bereak. Arlo horretan Iban Zaldua izan da abilena: kontagintza, haur eta gazte literatura eta gaztelerazko saiakera. Antzeko kasua li- tzateke Gil Berarena, lehenik euskaraz lortu zuen saria eta ondoren gazteleraz bi aldiz. Hamalau idazlek, beraz, saria batean baino gehiagotan lortu dute.
Txikitasuna, baina, ez da euskarazko sistemaren ezaugarri bakarra. Euskal Herrian gazteleraz ari diren idazleak kontuan hartuz gero, fenomenoa errepikatu egin da. Gutxi batzuek askotan lortu dute saria. Gaztelerazko sariaren irabazle izan dira behin baino gehiagotan, eta izenak errepikatu egin dira ohorezko zerrenda horretan, Iñaki Ezkerra, Pablo González de Langarika, José Fernández de la Sota, Alvaro Bermejo, Mari Feli Maizkurrena, Ramiro Pinilla eta lehenago aipaturiko Gil Bera. Hauek ere, bere neurrian, kanonaren gunea osatu dute Euskal Herrian gaztelaniaz egiten den literaturan.
Euskadi Sariak alde batera uzten baditugu, badira euskal idazle batzuk behin eta berriro sarietan irabazle agertu direnak. Laudatuko nuke azken Irun Saria irabazi duen Juan Luis Zabala (2016, eta baita, 1985, eta ustez 1989an ere; adi!: liburuak argitaratu ziren urteak ematen ditut, beraz sariak urte bete lehenagokoak dira), garai batean Bilboko Aurrezki Kutxako nobela sarietan ere garaile izan zena. 80ko hamarkadatik aurrera Patxi Ezkiaga asko nabarmendu da sarietan (1985, 1986, 1986, 1987, 1993, 1999, 2002, 2003). Bilboko Aurrezki Kutxaren sarietan maiz ikusi da Aitor Arana irabazle (2001, berriz 2001, 2003, berriz 2003). Gipuzkoako Kutxak eraturiko sarietan Joxe Austin Arrietaren izena (1979, 1983, 1996, 2003) irakurtzen da. Eta, bejondeiola luzerako, Asier Serranok ere izan du segida sarien mundu honetan (2011, 2015, 2016).
Ana Toledok askoz ere ikuspegi zabalagoa eman zuen 2002an bere En torno a los premios literarios artikuluan. Baina garbi dago gutxi garen tokian, batzuek ez dute sariak irabaztea beste erremediorik.